Albisteak
Atzealdea A* Gazteak prozesua amaitu berri da
2025·03·12
Nahi dugun Astigarragarantz bidean A* gazteak parte-hartze prozesua amaitu berri da eta guztira hiru saio ireki egin dira Kultur Etxe Zaharra gazteen gune bilakatzeko. Saio horietan gaztelekuko hezitzaile eta nerabeek, Gazte Asanbladako kideek eta herriko hainbat gaztek hartu dute parte.
Otsailaren 22an, emaitzen deboluzio saioa egin zen, eta, bertan, prozesutik ateratako ondorioak azaldu ziren. Saioetan honako helburu hauek dituen gunea adostu dute: nerabeen eta gazteen beharretara eta erabileretara egokitzea, beste aisialdi mota bat sustatzea eta gazte aktibo izateko aukera eskaintzea. Gunea balio hauetan oinarrituko da: errespetua, inklusioa, feminismoa, antifaxismoa, espazio segurua, euskalduna, elkarlanean oinarritua eta askea. Saioetan bi gai nagusi jorratu dira: alde batetik, eraikinak izango duen espazioaren antolaketa eta, bestetik, erabilera edo funtzionamendua.
Espazioaren antolaketa berria
Espazioaren antolaketari dagokionez, gaur egun Kultur Etxe zaharrak hiru solairu ditu: beheko solairuan Sagardun eta udal bulegoak daude; lehen solairuan, areto nagusia, AEKren bulegoak eta ikasgelak; azken solairuan, Gaztelekua. Epe laburrean AEK eta udal bulegoak eraikinetik aterako dira eta gune hori guztia gazteentzat eskuragarri egongo da.
- Beheko solairurako honako proposamen hauek egin ziren prozesuan:
- Lehen eta bigarren solairuetara beste eremu batzuetatik pasa gabe joateko aukera.
- Eremu anitzen presentzia areagotu.
- Kanpoko espazioari ere garrantzia ematea eta barnealdearekin lotura ezartzea.
- Sukalde hornitu bat, gainontzeko eremuekin konektatua baina ixteko aukera ematen duena.
- Aisialdirako (egoteko) eta bilera informalak egin ahal izateko eremua.
- Behar horiek aintzat hartuta, aldaketarik esanguratsuenak beheko solairuan izango dira, espazioa berrantolatzea proposatzen da:
- Eraikinera sartzeko hiru sarrera independente sortzea. Sagardoetxeko bisitarien eta nerabe eta gazteen joan-etorriak bereizteko eta guztien irisgarritasuna bermatzeko.
- Bi gune bereiziko dira: alde batetik, Sagardunek erabiliko duena (bulegoak eta dastatze-gela), eta, bestetik, gazteentzako eta nerabeentzako gunea, honako espazio hauek barne bilduko dituena: sukaldea, jangela eta egongela; erabilera anitzeko eremua eta kanpoaldean estalpea duen terraza.
Lehenengo solairuan ez da aldaketa nabarmenik egingo espazioaren banaketan. Solairu hori nerabeek eta gazteek erabiltzeko geratuko da, honako espazio hauekin: areto nagusia, bilera-gelak eta biltegia. Bigarren solairuan Gaztelekua kokatuko da, eta bertan ez da aldaketarik aurreikusten, egungo espazioaren banaketa egoki baloratu delako.
Kultur Etxe zaharraren funtzionamendua adosteko gunea
Eraikinaren erabilerari dagokionez, prozesuan hiru eredu aurkeztu ziren (autogestioa, kudeaketa partekatua eta kudeaketa publikoa) eta saioetan kudeaketa partekatua aukeratu zuten. Honela, bi eragileek (espazioaren erabiltzaileek eta Udalak) eraikinaren funtzionamendua elkarlanean kudeatzeko elkarrekiko konpromezua hartu dute.
Erabileraren funtzionamendua adosteko, gune ireki bat sortu da herriko gazteentzat, eta bertan bilduko dira gaztelekuko hezitzaileak, Gazte Asanbladako kideak eta Udaletik gazteria-teknikaria eta zinegotzia.
Gune horretan, 2025ean, eraikinaren funtzionamendurako barne-araudia landuko du eta hilero bilerak egingo dira. Martxotik ekainera bitarteko bilera-datak zehaztuta daude dagoeneko eta honakoak dira: martxoaren 20a, apirilaren 30a, maiatzaren 22a eta ekainaren 11. Bilera guztiak goizeko 10:00etan izango dira, Kultur Etxe zaharreko areto nagusian.
Interesa duen herriko edozein gaztek parte har dezake gune honetan. Horretarako, jarri harremanetan gazteria sailarekin: kirola@astigarraga.eus/ 943 333 676.
Prozesuaren emaitzak laburbiltzen dituen bideoa: