Albisteak

Atzealdea 2027ko ordenantza fiskalei hasierako onarpena eman die Udalak

Alegazio epea zabalduko da laster, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean

2026·09·30


Irailaren 29an egin zen Osoko Bilkurako gairik garrantzitsuena ordenantza fiskalena izan zen. Hiru ordenantza fiskal hauei hasierako onarpena eman zitzaien: egonaldi turistikoen tasa arautzen duen ordenantza, hiri barruko garraio zerbitzuaren tarifak arautzen dituen ordenantza eta zerga ordenantza orokorra. 

Alegazio epea zabalduko da laster, 30 lanegunez, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hona hemen ordenantza bakoitzaren laburpena:

Egonaldi turistikoen tasaren ordenantza

Egonaldi turistikoen tasa Gipuzkoa osoan aplikatuko den zerga da, 3/2026 Foru Arauaren bidez udalerri guztietan jarriko dena. 2027Ko urtarrilaren 1etik aurrera gau bakoitzeko tasa bat ordaindu beharko du hotel, pentsio, nekazalturismo eta gainerako alojamenduetan gaua egiten duen bezeroak. Turismo presio handia duten (alojamendu plaza asko dituzten) udalerriek tasa horri errekargua jartzeko aukera ere badute. 

Foru arauak alojamendu mota bakoitzeko tarifa tarte bat jartzen du aukeran ordenantzaren bidez zehaztu behar dena. Bestalde, foru arauak hainbat modutara tasa egokitu egiten du, alojamenduaren kategoriaren arabera tasaren zenbatekoa mailakatuz, 6 gautik aurrera aplikatuz (hortik aurrera ez), salbuespenak ezarriz (adin txikikoek, osasun arrazoiengatik egonaldia egiten dutenek eta abar ez dute ordaindu behar) eta abar. 

Astigarragako Udalak onartu duen ordenantzak hori guztia jasotzen du. Tarifa tarteei dagokienez, berriz, Udalak erabaki du mota guztietan tarifa altuena jartzea (nekazalturismoetan izan ezik), udalerri gehienetan irizpide berari eustiko zaiolako eta, beraz, alojamenduei lehiakortasun galerarik ez dielako ekarriko eta tarifa baxuenaren eta altuenaren arteo aldea txikia delako. Adibidez, pentsioei aplikatu beharreko tarifa tartea 0,75 euro eta 1,75 euro artekoa da (euro bateko aldea).


Hiri barruko garraio zerbitzuaren tarifak arautzen dituen ordenantza

Udala hiri barruko autobus zerbitzuaren proiektua lantzen ari da, 2027ko lehen hiruhilekoan martxan jarzteko asmoz. Horretarako, hainbat lan egiten ari da une honetan, hala nola: proiektua landu, lehiaketa egiteko zerbitzu-kontratuaren baldintzak zehaztu, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren sisteman sartu eta abar. Lan horien artean zerbitzu horren tarifak ere onartu egin behar dira, ordenantza baten bidez.

Iraileko plenoan onartu du Udalak hiri barruko garraio zerbitzuaren tarifen ordenantza. Labur-labur esanda, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren tarifa-sistema onartu eta aplikatzea erabaki du ordenantza horren bidez, Mugi sistemarekin erabiliko dena.

Zerga ordenantza orokorra

2027ko ordenantza fiskal orokorra agintaldi hasieran finkatu zen proposamenean oinarritzen da, gogoeta eta datu hauetatik abiatuta:

    • Urte askotan (pandemiaren ondorioz, krisi ekonomikoaren ondorioz...) ez dira tasak igo edota KPIaren igoeraren oso azpitik igo dira. Era berean, 2019tik 2026ko uztailera EAEko KPIa %30 igo da. Beraz, Udalak azken 6-7 urteotan %15eko eros ahalmena galdu du, zerbitzu duinak eskaintzeko eta inbertsiotarako gaitasuna murriztuz.
    • Udalak gero eta zerbitzu eta behar gehiagori erantzun beharrean aurkitzen gara. Gainera, kasu askotan, hainbat zerbitzu eta kontraturen prezioak asko igo dira azken urteotan (kale garbiketa, lorezaintza, eraikinen garbiketa, etxez etxeko laguntza zerbitzua, obra proiektuak eta materialak...), besteak beste lan hitzarmenak berritzearen ondorioz edota erregai/materialen igoeren ondorioz. 
    • Astigarragako Udalaren presio fiskala eskualdeko herrien batezbestekoaren maila ertain-baxuan kokatzen da.
    • Astigarragako familien errenta eskuragarria eskualdeko herrietakoa baino nabarmen altuagoa da.
    • Zerga eta tasa politikak, batetik, udal zerbitzuak finantzatzeko eta eros ahalmenari eusteko helburua bete behar du baina, aldi berean, hobari sistema indartsu bat eduki behar du, egoera zaurgarrian edo egoera ekomomiko zailean dauden herritarrei laguntzeko.

Horri gehitu behar zaio 2027ra begirako testuinguru eta arreikuspena: azken hilabetean KPIa asko igo da, bereziki erregaien prezioen igoeraren ondorioz (iraileko KPI aurreratua %4,9koa izan da, eta joera goranzkoa da) eta horrek datozen hilabeteetan hornidura eta zerbitzu askoren kostuen igoera nabarmena ekarriko du. Bestetik, udal aurrekontuetan pertsonaleko gastuaren igoera %5 ingurukoa izango da (%4,5eko igoera dago hitzartuta sektore publikoko enplegatuentzat) eta kontratu garrantzitsu batzuk igoera handiak izango dituzte 2027rako (lorezaintzak, kale garbiketak eta abar).

Hori guztia kontuan hartuta, 2027ko Ordenantza Fiskalean hainbat tasatan ez da igoerarik aplikatuko eta gainerakoetan irizpide orokor gisa %5,5eko igoera aplikatuko da (abuztutik abuzturako KPI %4,5 + puntu bat). Hona hemen:

    • Igoerarik jasango ez dutenak: JEZ, obrak, gainbalioa, Erribera kulturguneko jarduerak (ikastaroak eta saoiak), Kiroldegiko tarifak, babespeko etxebizitzak, etxez etxeko zerbitzua, Gaztelekuko jarduerak.
    • Igoera jasango dutenak,  %5,5 (EAEko KPIa %4,5 + %1): OHZ, ura (hornidura eta estolderia), hondakinak, ibilgailuak, toki publikoen eta ondasunen probetxamendua, hilerriko tasak, hirigintzako tasak, irekitzeko lizentziak, salmenta ibiltaria, herri baratzak.

Horrekin batera, ordenantza fiskalean hainbat zuzenketa eta egokitzapen tekniko egin dira, aurten onartu edo aldatu diren foru arau batzuetara egokitzeko edota ordenantzan argiegi ez zeuden atal batzuk hobetzeko. Era berean, 2027ko egutegi fiskala ere onartu da.

Hobari eta salbuespenen arloan, indarrean dagoen hobari eta salbuespen sistema berretsi da 2027ko ordenantza fiskalean, zailtasun ekonomiko handienak ditzuten pertsona eta familiei laguntzeko egokia delako.