Albisteak
Atzealdea 2026ko ordenantza fiskalari hasierako onarpena eman dio Udalak
2025·10·08

Ikasturte berriari ekin eta ohiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen Udalak, iraileko azken asteartean. Gairik garrantzitsuena ordenantza fiskalena izan zen.
Ordenantza fiskala 2026: hasierako onarpena.
Iraileko Osoko Bilkuran 2026ko ordenantza fiskalari hasierako onarpena eman dio Udalak. Orain, jendaurrean erakusgai jarriko da, herritarrek edota interesdunek alegazioak aurkez ditzaten. Hogeita hamar laneguneko epea izango da horretarako, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2026ko ordenantza fiskalaren proposamena agintaldi hasieran finkatu zen proposamenean oinarritzen da, gogoeta eta datu hauetatik abiatuta:
- Urte askotan (pandemiaren ondorioz, krisi ekonomikoaren ondorioz...) ez dira tasak igo edota KPIaren igoeraren oso azpitik igo dira. Era berean, 2019tik 2025era EAEko KPIa %24 igo da. Beraz, Udalak azken 6-7 urteotan %15eko eros ahalmena galdu du, zerbitzu duinak eskaintzeko eta inbertsiotarako gaitasuna murriztuz.
- Udalak gero eta zerbitzu eta behar gehiagori erantzun beharrean aurkitzen gara. Gainera, kasu askotan, hainbat zerbitzu eta kontraturen prezioak asko igo dira (kale garbiketa, lorezaintza, eraikinen garbiketa, etxez etxeko laguntza zerbitzua, obra proiektuak eta materialak...), besteak beste lan hitzarmenak berritzearen ondorioz edota erregai/materialen igoeren ondorioz.
- Astigarragako Udalaren presio fiskala eskualdeko herri gehienena baino baxuagoa da (hau da, oro har tasa eta zerga gehienetan batez bestekoa baino tasa baxuagoak ditugu).
- Astigarragako familien errenta eskuragarria, batezbeste, oro har beste herrietakoa baino altuagoa da.
- Zerga eta tasa politikak, batetik, udal zerbitzuak finantzatzeko eta eros ahalmenari eusteko helburua bete behar du baina, aldi berean, hobari sistema indartsu bat eduki behar du, egoera zaurgarrian edo egoera ekoomiko zailean dauden herritarrei laguntzeko.
Hori guztia kontuan hartuta, 2026ko Ordenantza Fiskalean irizpide orokor gisa %4ko igoera aplikatuko da, KPI+puntu bat. Aldi berean tasa batzuetan ez da igoerarik izango edota soilik kpi-a igoko da. Hona hemen xehetasunak:
- Hainbat zuzenketa egin dira, ordenantzaren testua hobetzeko eta argitzeko.
- Egoera zaurgarrian daudenentzat zorrak zatikatzeko edo geroratzeko malgutasun handiagoa jarri da.
- Egutegi fiskalaren moldaketa bat egin da, zerga eta tasen ordainketak urtean zehar modu orekatuan banatzeko.
- OHZ, Ondasun higiezinen gaineko zerga: igoera orokorra aplikatuko da kontzeptu guztietan, hau da %4ko igoera. Bestalde, Astigarragan etxebizitzekin dugun arazoa kontuan hartuta, errekargua igo egingo da, %150era. Horrez gain, etxebizitza hutsen errekarguaren arloan komunikazioa eta salbuespenen eta kudeatzeko prozeduraren malgutasun handiagoa jarri da (adibidez, alokatuta dagoela, hutsik ez dagoela edota salbuespen egoeraren bat betetzen dela egiaztatzeko epea martxoaren 31ra bitartekoa izango da).
- Jarduera ekonomikoen gaineko zerga: bere horretan utziko da, igoerarik gabe.
- Obren tasa: bere horretan utziko da, igoerarik gabe.
- Ur hornidura eta estolderia: irizpide orokorra aplikatuko da eta ur kontsumoko aldagai guztiei %4ko igoera aplikatuko zaie, etxeko kontsumoan nahiz etxekoa ez den kontsumoan. Saneamenduaren kasuan, tasa izango da ur fakturazioaren %75, kontagailuaren eta kanonaren mantenua kontuan hartu gabe.
- Hondakinen tasa: alde batetik, irizpide orokor gisa, %3 igoko dira tasa eta tarifa guztiak, etxebizitzen, komertzioen nahiz poligonoetako hondakinen bilketetan. Salbuspena jarduerarik gabeko lokal komertzialak izango dira (ur hartunea dutenak edota ez dutenak), izan ere %25 murriztuko da lokal horien tasa. Bestalde, etxebizitzen hondakinen tasan ofiziozko bajak kudeatzeko aukera finkatu da, erroldako gorabeherak kudeatzeko.
- Gainbalioa: hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan aplikatuko dira maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauak ezartzen dituen koefizienteak.
- Ibilgailuak: igoera orokorra aplikatuko da kasu guztietan, hau da %4ko igoera.
- Toki publikoko lurzorua, lurrazpia edo hegalkinaren erabilpen pribatua edo probetxamendua: irizpide orokorra aplikatuko da, %4ko igoera.
- Salmenta ibiltaria: salmenta ibiltarien atalean tasa ordaintzetik salbuesten dira txikizkako merkataritza establezimendu finkoen atariko saltoki eta euskarri iragarleak, egunero jarri eta kentzen direnak.
- Hobariak: Hobarien egitura bere horretan utziko da eta, beraz, aplikatuko da tasa eta prezio publiko hauetan: ura, saneamendua, hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua, hilerriko zerbitzua eta gaztelekuko eta kultur etxeko jarduerak.
