Albisteak

Atzealdea 2026ko ordenantza fiskalari behin betiko onarpena eman dio Udalak

Alegazioak aztertuta hainbat aldaketa egin dira, besteak beste, organikorik kudeatzen ez duten komertzioen tarifa %25 murriztea eta errentarik baxueneko hobarien muga %10 igotzea, jende gehiagok jaso dezan.

2025·12·04


Irailaren 30ean 2026ko ordenantza fiskalari hasierako onarpena eman zion Udalak eta alegazioetarako epea zabaldu zuen azaroaren 17ra arte.

Ikus hasierako onarpenari buruzko albistea eta informazioa hemen.

Azaroaren 18ko Antolaketa Batzordean alegazioak aztertu ondoren, azaroko Osoko Bilkuran alegazioak ebatzi eta ordenanzta fiskalari behin betiko onarpena eman zitzaion. Ordenantza fiskalaren testu bategina dagoeneko GAOn argitaratu da, eta indarrean urtarrilaren 1ean sartuko da.

Aldaketa nagusiak alegazioen ondorioz

Ordenantza fiskalaren hasierako onarpenak hainbat alegazio jaso ditu, honela ebatzi direnak:

PSEko udaltaldeak aurkeztutako alegazioa ez da onartu, proposatutako igoera KPIaren azpitik dagoelako eta beste alegazioak ez direlako ordenantza fiskalaren eremukoak. Halaber, Hirukide elkarteak proposatutako alegazioa ere ez da onartu, udal hobarien politika errentaren mailan (kide kopurua aintzat hartuta) oinarritzen delako, eta ez soilik eta beste aldagairik kontuan hartu gabe familiako seme-alaba kopuru hutsean.

AJCV abokatuaren alegazioa ez da izapidetu, interesduna ez delako.

Onartu egin dira kirol eta gazteriako teknikariaren, diruzainaren, Astiko elkartearen eta EH BIlduko udaltaldearen alegazioak.

Ondorioz, 2026ko ordenantzan batetik, kirol tarifak Hernaniko tarifekin bateratu dira ohiko moduan (bateko bazkideak bestean ibili ahal izateko). Bestetik, hondakinen tasetan erabaki da organikorik kudeatzen ez duten komertzioen tarifa %25 murriztea; elkarte gastronomikoak jatetxeen eta sagardotegien multzoan sartzea baina %60ko beherapenarekin; eta kultu lekuak, elkarteen egoitzak eta jarduera komertzialik ez duten jarduera pribatuko lokalak organikorik gabeko jarduera komertzialen kategorian sartzea %60ko beherapenarekin.

Amaitzeko, hobarien baldintzen taula moldatzea erabaki da, hobariak mantenduz eta lau kide edo gehiago dituztenen bizikidetza-unitateen errenta-mailaren muga %10 areagotuz, bizitzaren garestitzeak gehien eragin dien familia-unitateak direlako. Horrez gain, bizikidetza-unitate batek diru-sarreren mugak gainditu arren, % 25eko hobaria aplikatuko zaio baldin eta bizikidetza-unitatearen aurrekontuan alokairuaren kostuak familien batez besteko diru-sarreren eta errentaren ehuneko hogeita hamar gainditzen badu.