Albisteak
Atzealdea 2026ko aurrekontua izan zen azaroko Osoko Bilkuraren gai nagusia
2025·11·28

Aurrekontua
Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen 2026ko aurrekontua, inoiz izandako handiena, 16.867.697,53 eurokoa.
2026ko aurrekontua 16.867.697,53 eurokoa da, 2025eko baino 3.695.262,32 euro gehiago, hau da %28 handiagoa. Aurrekontua ez ohikoa dela esan dezakegu, kiroldegiko obrak eraginda, 2.750.000 eurorekin 2026rako.
Gastuen atalari dagokionez, oro har, sail guztien aurrekontuak igo dira, modu orekatu eta egokian, alkatetza eta kontu-hartzailetzan izan ezik jaitsiera oso txikiekin.
Herritarrentzako politika eta zerbitzu sozialak indartu eta hobetzeko ahaleginetan egindako aurrekontua da, herritarrentzako atala (gizarte zerbitzuak, berdintasuna, kultura, jaiak, kirola, euskara, hezkuntza) aurrekontu osoaren %52 baita. Era berean, gizarte zerbitzuen aurrekontua guztizkoaren %10 da, 1.651.671,64 euro. Udal aurrekontuen arloan sail horrek %10eko kopurua izatea hartzen da bikaintasun ezaugarri gisa.
Inbertsioen atalari dagokionez, %180ko igoera izan da, orotara 4.124.500 euro. Atal honetako igoera, guztiz baldintzatua dago kiroldegiaren obrarekin, inbertsiorik esanguratsuena hori baita.
Dirulaguntzei dagokienez, %12ko igoera izan da orotara, dirulaguntza izendunak eta lehia bidezko dirulaguntzak aintzat hartuta, guztira 1.354.054 euro.
Horrekin batera Sagardunen eta Astigarraga Lantzen S.A-ren, hiruren artean osatzen baita udal aurrekontu bateratua.
Ikus aurrekontuari buruzko informazio zehatza hemen
Arreta Zerbitzua
Astigarraga asko hazi da azken urteotan, laster 8.000 biztanle izatera iritsiko gara, eta horrek zerbitzuak berrantolatzeko beharra ekarri du. Horregatik, 2019-23 ikasturtean, barne-lanketa, lanpostuen balorazioa, hainbat azterlan eta lanpostu eta zerbitzu berrien sorrera abiarazi ziren. Ildo horretan, 2024-25ean Udala berrantolatu egin da, lan egiteko funtzionamendua aldatu da: eremuak sortu dira eta orain horietan lan egiten da (ongizatearen arloa, herritarren arloa, lurraldearen arloa eta antolaketarena), koordinazio-mahai bat eratu da eta funtzionamenduan dago, informazio-batzordeen egitura aldatu da, eta orain 4 batzordeetara pasa da.
Horrekin batera, Udala arreta-gune zentralizatu bat sortzeko proiektuan ari da lanean. Inguruko herrietako esperientziak ezagutu dira, arreta bateratuko zerbitzuaren definizioa eta ezaugarriak definitu dira, funtzioak berrantolatu dira, hau da, orain arte udalean dauden arreta-guneetatik arreta-zerbitzura zer bideratuko den eta nola. Sail guztietako zerbitzuen karta egin da (Zerbikat programarekin), giza baliabideak ere aurreikusi dira, 2026an aurrekontuan eta plantilla organikoan arduradun teknikoaren eta administrari baten % 45eko jardunaldia aurreikusi da. Zerbitzuaren kokapena ere aztertu da (aurreikusten da Norberto Almandozen eraikitzen ari diren etxeko beheko solairuan kokatuko dela).
Osoko Bilkurak asteartean onartu zuen arreta-zerbitzuaren sorrera eta izango dituen zerbitzu-eginkizun eta ezaugarri nagusiak. Honako hauek izango dira zerbitzu-eginkizun eta ezaugarri nagusiak:
- Udal-zerbitzu guztien lehen arreta-gunea izatea (aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta telematikoa)
- Zerbitzu errespetuzkoa, eraginkorra eta azkarra eskaintzea, herritarren edo hartzaileen eskubideak eta aniztasuna kontuan hartuta.
- Udal-informazioa (aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta telematikoa)
- Herritarren mezuak, kexak, ekarpenak eta iradokizunak jasotzea eta bideratzea
- Udal-erregistroa
- Zerbitzu-karta eguneratzea
- Erregistroen arloko laguntza
- Ahalordetzeen erregistroa kudeatzea
- Dokumentu publiko administratibo edo pribatuen kopiak autentifikatzea •
- Erroldaren kudeaketa
- Erregistro- eta arreta-zerbitzuei legeek esleitutako eginkizunak betetzea.
Ordenantza fiskalak
Irailean hasieran ordenantza fiskalak onartu ziren eta ondoren alegazioak aurkezteko epea ireki zen (azaroaren 17ra arte). Aurkeztutako alegazioei astearteko osoko bilkuran erantzun zitzaien, eta behin betiko onartu ziren.
Urtarriletik aurrera egongo dira indarrean.
Kiroldegia
Kiroldegiaren obrarena aspalditik datorren kontua da, 2021ean abiatu zen parte hartze prozesua eta 2022an egin zen aurre proiektuaren idazketa. Ondoren, 2023 eta 2024an proiektua idatzi zen. 2024-2025ean obrak bideratu ahal izateko trasformagailu zentro berriaren lanketa eta lanak egin dira. 2025eko irailean oniritzia eman zitzaion kiroldegia birgaitzeko eta handitzeko proiektuari, eta azaroko Osoko Bilkuran obrak egiteko kontratazio espedientea eta lehiaketa martxan jartzeari. Horrekin batera, obra finantzatu ahal izateko konpromiso kredituak ere onartu zituen Osoko Bilkurak.
Lizitazioaren gehienezko prezioa 8.224.568,32 eurokoa da (BEZ barne) eta lanak 23 hilabeteko epean gauzatuko dira. Lehiaketa argitaratzen denetik urtarrilaren 16ra arteko epea izango da eskaintzak aurkezteko.
Mozioak
Hiru mozio izan ziren Osoko Bilkuran Alde batetik, EAJ udal taldea "gobernu onaren, gardentasunaren eta informazio eskubidearen alde". Mozio horrek hainbat baieztapen jasotzen ditu informazioa eta gardentasunaren izenean udal taldearentzat onargarriak ez direnak. Izan ere, EH Bilduren agintaldietan inoiz baino informazio gehiago ematen zaie herritarrei, inoiz baino parte-hartze prozesu gehiago egin dira, eta inoiz baino erraztasun gehiago eman zaizkie oposizioko udal taldeei informazioa eskatu eta parte hartzeko, besteak beste.
Hori dela eta, EH Bilduk kontramoziona aurkeztu zuen, eta Osoko Bilkuran onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin (EAJk kontra bozkatu zuen). Hona hemen mozioaren laburpena:
2019ko uztailetik aurrera informazioa sistematikoki argitaratu da webgunean, sare sozialetan eta beste batzuetan. 2022tik aurrera, horri udal aldizkaria gehitu zitzaion, Txiokaria. Parte hartze prozesuak eta bestelako bilerak herritar, interesdun eta elkarteekin ere ugariak izan dira agintaldi hauetan.
2019ko eta 2023ko agintaldietan hainbat akordio hartu dira udal taldeen jarduna errazteko. Besteak beste, Txiokarian iritzia emateko aukera, dokumentazioa beti eskura izateko intraneta, udal talde guztiei bidaltzea kontratazio mahai iraunkorreko deialdi eta dokumentu guztiak, kudeaketa txostenak, Tokiko Gobernu Batzarrean eskuordetutako alkatearen 19 eskumen, espedienteak eskatze hutsarekin emateko alkatearen agindu bat.
Bestalde, Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarrean aho batez hartutako erabakien kopurua oso esanguratsua da: 2019ko agintaldian, bi organoetan 864 erabaki hartu ziren, eta horietatik 781 (% 90,39) aho batez hartu ziren. 2023ko agintaldian 2025eko uztailaren 31ra arte, bi organo horiek dituzten 420 akordioetatik 396 aho batez onartu dira (% 94,29).
Horregatik guztiagatik, konpromiso hauek adierazten eta berresten ditu Osoko Bilkurak:
- Udal gobernuari ildo beretik lan egiten jarraitzeko eskatzen diogu, urte hauetan egindako lana azpimarragarria izan baita, batez ere, parte-hartzearen eta gardentasunaren arloan.
- Udal Gobernuari eskatzen diogu beharrezko pausoak eman ditzala Udaletxearen eta Osoko Bilkuren Aretoaren irisgarritasuna bermatzeko eta Osoko Bilkurak Internet bidez jarraitu ahal izateko sistema jar dezala.
- Udal gobernuari eskatzen diogu martxan jartzen jarrai dezala udal taldeen lana errazteko eskaintzen diren neurriak eta mekanismoak.
- Udal gobernuari eskatzen diogu etengabe hobetzen jarrai dezala. herritarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko.
Azkenik, Euskararen Eguneko Adierazpen Instituzionala onartu zen Osoko Bilkuran, hainbat erakundeek adostutakoa da eta Astigarragako Osoko Bilkurak ere aho batez onatu zuen. Hona hemen laburpena:
Euskara ZUGAN, NIGAN, GUGAN
Euskarak bide luzea egin du. Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu
Debekuen aurrean, eutsi genuen. Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.
Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.
Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea.
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea. Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea.
Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.
Euskara da! Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat. Elkar ulertzeko gonbidapen bat.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia.
Zugan, nigan, gugan.
