Albisteak
Atzealdea 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean, indarkeria matxistako 14 kasu berri izan dira Astigarragan
2024·11·20

Azaroaren 25a ate joka dugu, "Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna". Eta herrian, aurten ere gai honi dagokionez kopuru kezkagarriak ditugu.
2024an, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, 14 kasu berri artatu dira Gizarte Zerbitzuetan. 2023 osoan 16 kasu berri artatu ziren; beraz, esan dezakegu kopurua eta joera iazkoaren antzekoa dela.
Gainera, herrian 11 pertsona ditugu indarkeria matxistagatiko urruntze aginduekin. 2024an 6 urruntze agindu jarri dira, eta aurretik datozen beste 5 daude indarrean gaur egun.
Aurten, artatutako emakumeen % 71k jasan du indarkeria ezkontidearen/izatezko bikotekidearen/bikotekidearengandik. Indarkeria mota askotakoa, psikologikoa, fisikoa, sexuala, ekonomikoa... izan daiteke. Gainera, indarkeria mota bat baino gehiago pairatzea arrunta izaten da kasu askotan. Artatutako biktimen adinari dagokionez, % 64k 31 eta 50 urte bitartean ditu, eta adingabeen, hau da, nerabeen 2 kasu ere izan dira; iazko datuetan, % 56k 31 eta 50 urte artean zituen, eta adingabeen 2 kasu ere izan ziren. Biktima gehienek , % 67, seme-alabaren bat dute bere ardurapean eta harekin bizi dira, eta guztiak adingabeak dira. Biktimen gainerako % 33k ez du seme-alabarik. Iazko datuen arabera (2023), % 75ek adingabeko seme-alabaren bat zuen. Bestalde, aurten artatu diren kasuetan ez dago pertsona heldurik ardurapean.
Beraz, datuek adierazten dute Astigarragan ez gaudela isolatuta eta, gurean ere indarkeria matxista dagoela. Azken urteetako joera da urtero 15 kasu berri inguru izatea . Oso datu kezkagarriak dira eta guztion erantzukizuna da indarkeria matxistari aurre egitea, eta horretan herritarrak sentsibilizatu nahi genituzke. Askotan normaltzat jotzen ditugun eta erasoak diren jokabide horiek identifikatu eta horiei aurre egin behar diegu, guztiok batera egin behar dugun zerbait da, herri eta gizarte gisa.
"Genero-indarkeriak seme-alabengan duen eragina" hitzaldia
Azaroaren 25a dela eta, hainbat ekintza antolatu dira herrian. Horien artean dago azaroaren 26an 18:30ean Emakumeen Etxean egingo den hitzaldia. Iazko eta aurtengo datuetan biktima gehienek seme-alabak dituztela ikusita, aurten gaia horretan zentratzea erabaki da. Eta horren harira, antolatu da hilaren 26an eskainiko den hitzaldia, indarkeria matxista jasaten den etxeetan dauden seme-alaba horiengan sortzen dituen eraginei buruz hitz egiteko.
Hitzaldia Sortzen aholkularitzako Sheila Melcon Lópezek emango du. Euskaraz izango da eta aldi bereko itzulpena izango du gaztelaniara.
