Albisteak
Atzealdea 2024ko ordenantza fiskalari hasierako onarpena eman dio Udalak
2023·09·27
Ikasturte berriari ekin eta ohiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen udalak, atzo, irailaren 26an. Osoko Bilkuran landutako gairik garrantzitsuena ordenantza fiskalena izan zen, 2024ko Ordenantza Fiskalei hasierako onarpena eman zitzaien.
Igoera orokor gisa %3,5a igotzea proposatu zen, hau da, KPI+1 gutxi gorabehera. Bestalde, eskualdeko beste udalekin alderatuta nabarmen beherago dauden zerga eta tasa batzuetan %7ko igoera proposatu zen. Aldi berean, egungo hobari sistemaren gehienezko errenten kopurua %10 igotzea proposatu zen, herritar eta familia gehiagok hobari-sistemari heldu ahal izateko. Horrekin batera, hobariak eta laguntzak emateko, errentaz gain, ondasunak kontuan hartzea planteatu zen.
Proposamena lantzeko hainbat faktore hartu dira kontuan:
Alde batetik, KPI eta Udal zergen azkeen urteetako bilakera, 2019-2023 urteetan EAEko KPIa %18,3 igo zen eta udal zergen bilakaera %3,5ekoa izan zen eta pandemia eta energia krisiak eraginda, tasa eta zergak izoztu edota KPIaren azpitik igo ziren. Ondorioz, udalaren erosteko ahalmena 15 puntu inguru jaitsi da. Bestalde, Astigarragako familien errenta erabilgarria ere hartu da kontuan, eskualdeko herrietako familien batez besteko errenta erabilgarririk altuena du Astigarragak, EAE eta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik. Azkenik, Udal zerga eta tasen presio fiskala zein den aztertu da, kasu honetan, eskualdeko udalen batez bestekoaren azpitik dago Astigarragan, eta kasu askotan, bi edo hiru baxuenetan kokatzen da.
Iragarkia aldizkari ofizialean argitaratzen denean zabalduko da alegazioetarako epea.
Tokiko Gobernu Batzordeari dagokionez, dirulaguntzak eta kontratazio-espediente bat landu ziren:
Euskararen erabilera sustatzea helburu duten ekimenak garatzeko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia martxan jartzea onartu zuen atzo Tokiko Gobernu Batzordeak. Astigarragako herritarren artean, bereziki haur, nerabe eta gazteen artean, euskararen erabilera sustatzea helburu duten interes orokorreko jarduera, ekintza, proiektu edota programak garatzeko.
Garapenerako lankidetza programaren barruan zenbait laguntza ematea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, hauek dira:
- Ingenieria para la cooperación elkarteari 5.000 euroko dirulaguntza: Kongoko RD-eko Idjwi uhartean pobreziaren aurkako borroka eta emakumearen ahalduntzerako. Nyabunyunyi ikastetxea berreraikitzeko, higiene- eta osasun-instalazioen hornidura, higiene menstruala normalizatzeko eta hezkuntza-komunitateak kudeaketan parte hartzeko.
- CHIAPAS elkarteari 10.000 euroko dirulaguntza: Elikagaiak eraldatzeko zentruan ektrizitate-hornidura jarraitua ziurtatzeko eguzki-plakak . Santa Rosa eta Veinte de Noviembre; Huixtán, Chiapas.
- AMAP-ASOC. MUNDIAL elkarteari 9.998,38 euroko dirulaguntza: Kaqchikel populazioaren elikatzeko eskubidea indartzeko eta baldintza ekonomikoak hobetzeko ekoizpenaren bidez diru-sarrerak sortuz. Joya Grande, Zaragoza, Guatemala.
- ACTIVOS POR UN MUNDO SOLIDARIO elkarteari 10.000 euroko dirulaguntza “Guk ere Ahal dugu. Kogobernantza inklusiboaren eredua sendotzea“ proiekturako.
- ULLS DEL MON/MUNDUKO BEGIAK elkarteari 4.750 euroko dirulaguntza: Oruro eta Tarija departamenduetan (Bolivia) tratamendu kirurgiko oftalmologiko publikoa, deszentralizatua, ekitatiboa eta kalitatezkoa eskuratzeko aukera eta erabilgarritasuna hobetzeko.
- FUNDACIÓN BONAL elkarteari 5.000 euroko dirulaguntza: Elsie Gaches Village ezgaitasuna duten haurren zentroan higiene- eta osasun-baldintzak hobetzeko.
- EUSKAL FONDOAri 7.745,75 euroko dirulaguntza, momentuz proiektua zehaztu gabe dago.
Azkenik, Kultura eta gazteriako sailetako publizitate eta komunikazio euskarriak diseinatu eta inprimatzeko zerbitzu-kontratua esleitu zen. Astigarragako Publizitate eta komunikazio euskarriak diseinatzeko eta inprimatzeko zerbitzua 2 loteetan atera zen lehiaketara, 1. lotea, kultura sailekoa, 8980 eurotan (bez kanpo), eta eta 2. lotea, gazteria sailekoa, 895 eurotan (bez kanpo). Bi loteetan Producciones MIC S.L enpresak lortu duenez puntuaziorik altuena, Tokiko Gobernu Batzordeak enpresa honi esleitzea ontzat eman zuen.