Albisteak
Atzealdea 2023ko Santio Jaiak aurkeztu zituzten atzo Udalak eta herriko eragileek
2023·07·13
Jaien aurkezpena egin zuten atzo udaleko ordezkariek eta herriko hainbat eragilek. Bertan, kultur zinegotziak azpimarratu zuen aurten ere adin eta gustu ezberdinetako jendeari zuzendutako programazioa osatu dela, jai batzordean parte hartu duten elkarteetako kideen proposamenekin osatutakoa.
Bestalde, antolaketa lanetan ibilitako elkarte zein norbanakoei eskerrak eman nahi izan dizkie egindako lanagatik.
Pregoia eta txupinazoa
Astigarragako Gazte Asanbladak 30 urte betetzen ditu aurten. Beraz, beraiek izango dira 2023ko Santio jaiei hasiera emango diotenak. Udalak AGA zoriondu nahi du, urtean zehar egiten duen lan guztiagatik eta Astigarragari ematen dion bizitasunagatik. Eskerrik asko!
Jaien atariko jarduerak
Jaien aurreko astebururako hainbat kirol jarduera antolatu dira herritarren gozamenerako:
Uztailak 15, larunbata
- 10:00etan Toka: Euskadiko txapelketarako sailkapena, Norberto Almandoz plazan.
- 17:00etan II.Kros herrikoia (5,7 km): Irteera/helmuga Kale Nagusian.
Uztailak 16, igandea
- 11:00etan: Haurrentzako Herri kirolak, Kontxa Etxeberria plazan. (3-10 urte)
- 11:00etan: Orientazio jarduerak, Andre Gobadarien ibai parkean. (10-16 urte)
- 17:30ean: Pilota jaialdia, Txomiñenea pilotalekuan (Mundarro elkarteak antolatua).
Uztailaren 17tik 21era
- 18:00etan: Mahai jokoen txapelketen finalak, Galtzaur elkartean.
Jaietako ekitaldiak
Aurten ere, programazio zabala, anitza, oparoa eta publiko desberdinei zuzendurikoa osatu da. Hona hemen hainbat zertzelada:
Haurrei zuzenduriko jarduerak: Txupinazoa, erraldoi eta buruhandiak, haurrentzako bazkaria, txokolate-jatea, kale ikuskizunak, jolasak, ur txirrista, apar jaia, magia emanaldia, zezensuzkoa.... eta feriak uztailaren 21etik 26ra, 21ean eta 24ean prezio herrikoiarekin.
Publiko orokorrari zuzenduriko ikuskizun eta musika emanaldiak: Gozategi taldea, Alargun Beltzak txaranga, Aiurri Aukeran taldearen dantza ikuskizuna, Laket taldea, Pasai txaranga, Laglo taldearen dantza bertikala, Artistas del Gremio txaranga, Duo imperialekin dantzaldia, Goxo txaranga, Bertsolariak, Afrika Bibang abeslaria, Duplaren kontzertua, DJ Bull, Disko Festa, Voces Riberas, Astigarren dantza erakustaldia, Txekoslovako musikaria, Kresala taldea, La jodedera eta Laiotz taldeak, Iker eta Alabier trikitilariak, Zubietako joaldunak... eta txosnan antolatutako beste hainbat kontzertu.
Hainbat bazkari, lehiaketa herrikoi eta parte hartzeko jarduera: Gaztelekuko bazkaria, alkoholik gabeko koktel tailerra, toka eta bolo txapelketa herrikoia, patata tortila lehiaketa, gazte bazkaria, marmitako lehiaketa eta bazkaria, danborrada herrikoia, erretiratuen bazkaria, Gazte Asanbladaren olinpiadak, Larrain dantza herrikoia, arropa trukatzeko azoka, Santa Anako sagardo dastatzea, presoen elkartasun bazkaria, hegaluze-pintxoak...
Emanaldiak herriko puntu ezberdinetan egingo dira: Kontxa Etxeberria plazan, Joseba Barandiaran plazan, Foru plazan, Norberto Almandoz plazan, Emakumeon plazan, Erribera plazan eta Gobadarien ibai parkean.
Jai berdinzaleak eta seguruak
Santio jaietan ere ez dugu onartuko inolako erasorik edo indarkeria adierazpenik, ez dugu onartuko inolako jarrera matxistarik, sexistarik arrazistarik edo LGTBIfobikorik. Eta mezu hori gogorarazteko asmoz, herritarrok etxeetan jasoko dugun egitarauan, Agin Labururen hainbat bertso txertatu ditugu.
Jai berdinzaleak eta seguruak sustatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin, Udalak eta herriko eragileek elkarlanean; zehazki, Gazte Asanblada, Xaguxar Aisialdi Taldea, Gaztelekua eta Emakumeon Etxearekin hainbat ekimen antolatu dituzte.
Protokoloa
Edozein eraso matxistaren aurrean nora jo behar dugun eta nola jokatu behar dugun zehazten duen tresna da. Jarraibide horiek jai-egitarauan eta Astigarragako udalaren webgunean ere aurki ditzakegu.
Karpa Morea
Protokoloaz gain, eraso matxisten prebentziorako eta arretarako karpa jarriko da uztailaren 21ean, 22an eta 24an, 23:00etatik 04:00etara taberna inguruan. Bertan, sexu-aholkularitza zerbitzua eta edozein erasoren aurreko arreta zerbitzua eskainiko dira.
“Botiltzarra” sustantzien kontsumoaren prebentzio kanpaina
Uztailaren 22an Astigarragako kaleetan zehar sustantzien kontsumoen prebentzioa burutuko duten AI LAKET elkarteko 4 hezitzaile ibiliko dira 23:00etatik 03:00etara. Hauek, modu ibiltarian adingabeengana gerturatu eta arrisku egoerak gutxitzeko beharrezkoa den informazioa eta materialak banatuko dituzte.
Brigada Morea
Jaietan elkarrekin etxera itzultzeko brigada morea antolatu da, etxera lasai. Brigadaren helburua bikoitza da: alde batetik, herri gisa elkar zaintzeko kontzientzia zabaltzea eta, bestetik, etxera lasai joan ahal izatea guztion eskubidea dela aldarrikatzea. Zerbitzua hiru gauetan eskainiko da eta gau bakoitzean bi txanda egingo dira: uztailaren 21ean, 22an eta 24an, 01:00etan eta 03:00etan. Brigada erabili nahi duenak, 10 minutu lehenago Joseba Barandiaran Plazako taxi geltokira hurbildu beharko du, eta bertan txandalariak egongo dira.
Amaitzeko, Udalak errespetuan oinarritutako jaiez gozatzeko eta herriko espazioak eta bizilagunen deskantsu momentuak zaintzeko deia luzatu nahi du.