Albisteak

Atzealdea 2.973.056,90 euroko kreditu gehigarriak onartu ditu Udalak, hainbat inbertsio egiteko

Batzarretan, gai esanguratsuak jorratu ziren, gai ekonomikoez gain, dirulaguntzek leku nabarmena izan zuten; Santio Zeharrako transformagailu berria eraikitzeko lehiaketa, eraikin eta instalazioen arduradunaren lanposturako lehiaketa-oposizioa eta bi mozio ere onartu ziren, besteak beste.

2025·05·07


Hona hemen gairik esanguratsuenak:

2024ko likidazioa

Gastuen gauzatze maila altua (%74koa) eta diru-sarreren gauzatze altua (%96koa) izan dira. Defizit, arau fiskalak bete ditu Udalak, ordainketak ere ezarritako epean egin dira. Laburbilduz, 2024ko aurrekontua egoki kudeatu da.

Bestalde, Astigarraga Lantzen eta Sagardun Partzuergoa oreka finantzarioan daude.

Ordenantza fiskalaren aldaketa

Ordenantza fiskalaren aldaketari haiserako onarpena eman dio Udalak. Orain jendaurrean jarriko da erakusgai, erreklamazioetarako.

Aldaketa horretan, batetik, eguneratu egin dira hainbat prezio eta tasa: adinekoentzako etxebizitza komunitarioetako prezioak eta harrera etxeko prezioak; kultura eta kirol arloetako hurrengo ikasturteko prezioak. Horrez gain beste hainbat aldaketa eta zuzenketa egin dira, gainbalioaren zergaren hobarian eta diruzaintzako hainbat arlotan.

Gerakina inbertsioetarako

2024ko kontuak likidatu ondoren, gerakinetik 2.973.056,90 euro gehitu zaizkio aurrekontuari, eta bereziki inbertsioetara bideratuko dira. Hauek dira aurreikusitako inbertsio garrantzitsuenetako batzuk:

  • Udaletxeko leihoetan eta fatxadan hainbat lan, 150.000,00 euro.
  • Bidegorria, Pelotari kalean, 240.000,00 euro.
  • Umako-ko azokagunea, 320.000,00 euro.
  • Herri bideen mantentze lanak, 128.132,80 euro, Arraspiñe-Matrakane bidea.
  • Bidebitarten asfaltatze lanak, 144.000,00 euro.
  • Ergobiko plaza berritzeko proiektua, 505.000,00 euro.
  • Anuskako auzoa hiritartzeko exekuzio proiektua eta partida gehigarria, 112.000,00 euro.
  • Euskaltegi berria, 340.000,00 euro.
  • Herri eskolako galdara, 157.000,00 euro.
  • Haur eskola egokitzeko lanak, 48.400,00 euro.
  • Ongizateko udal bulegoak, 276.000,00 euro.

Inbertsioez gain, beste kopuru txikiago batzuk obra eta zerbitzuetako partidak indartzeko eta osatzeko erabiliko dira, bai eta zenbait proiektu idazteko ere.

Kontratazio espediente batzuk ontzat eman zituen Tokiko Gobernu Batzordeak

  • Santio Zeharran erdi-tentsioko eta behe-tentsioko lineak zabaltzeko, eta transformazio-zentroa instalatzeko kontratazio-espedientea ontzat eman zen.
  • Erribera kulturguneko ikastaro eta tailerrak emateko zerbitzuaren kontratazio-espedientea martxan jartzea onartu zen. Kontratuak 2 urteko iraupena izango du, urtebetez bitan luzatzeko aukerarekin eta orduko prezioa 54,06 eurokoa izango da.

Lan eskaintza bat

Udal eraikinen eta instalazioen arduradunaren lanpostua txanda irekian betetzeko lehiaketa-oposiziorako oinarriak eta deialdia onartu zituen Tokiko Gobernu Batzordeak. Hori dela eta, laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko web orrian.

Berdintasunaren arloko beka

Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko, balioan jartzeko eta herritarren eskura jartzeko genero ikuspegidun ikerketa-bekaren oinarriak eta deialdia ere ontzat eman zituen Tokiko Gobernu Batzordeak.

Dirulaguntzak

Hainbat dirulaguntza erabaki edota martxan jarri dira Tokiko Gobernu Batzordearen erabakiekin:

Hauek dira onartutako dirulaguntza izendunak:

  • Mundubat elkartearen dirulaguntza izenduna, 5.000 eurokoa, Gazan laguntza humanitarioa emateko.
  • Galtzaur elkartearen dirulaguntza izenduna, 12.000 eurokoa, ohiko jarduera aurrera eramateko.
  • Astigarragako Gazte Asanbladaren dirulaguntza izenduna, 20.000 eurokoa, herriko gazteei zuzendutako jarduerak antolatzeko, besteak beste.
  • Euskaraz Koop. Elkartearen dirulaguntza izenduna (Astigarragako AEK), 4.814 eurokoa.

Lehia bidezko dirulaguntza hauen deialdiak eta oinarriak onartu ziren:

  • Gizarte-zerbitzuen eremuan jarduera, proiektu eta programak garatzen dituzten taldeei dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia onartu ziren, 10.000 euro helburu horretarako.
  • Euskara arloko dirulaguntza lerro desberdinen oinarriak eta deialdiak: euskara sustatzeko jardueretarako, aisialdiko begirale/zuzendari titulurako prestakuntza euskaraz egiteko eta udako unibertsitateko euskarazko ikastaroak egiteko. Guztira, 17.600 euro.
  • Hezkuntza arloko dirulaguntza lerro desberdinen oinarriak eta deialdiak: ikasleentzako garraio laguntzak, eskola materiala erosteko. Guztira, 9.500 euro.

Mozioak

  • Mozioa Zubietako erraustegiak eragin bide duen kutsadura dela eta.

Mozioa EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, EAJ eta PSE-EE-k aurka bozkatu zuten.

Hona hemen mozioaren nondik-norakoak:

Apirilaren hasieran argitaratutako ToxicoWatch Fundazioaren txosten batean jaso denez, Europan azken hamahiru urteetan izandako dioxina maila altueneko isuriak hiru erraustegik eragin dituzte. Horien artean dago Zubietakoa, Parisko eta Herbehereetako erraustegi banarekin batera.

Fundazioak Zero Waste Europek babestuta egin duen txostenaren arabera, hondakinen energia balorizaziorako azpiegitura horien gertuko eremuak kutsatuta daude, eta horrek arrisku handia dakar osasun publikoarentzat, ekosistementzat eta elikadura segurtasunarentzat.

Astigarraga Zubietako erraustegitik gertu dagoen neurrian, eta Astigarragako herritarren osasuna bermatzeko ardura geure eginda, Astigarragako Udalbatzak adierazten du:

  1. Zubietako erraustegiarekiko ardura duten erakundeei, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamenduari eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eskatzea beharrezko diren argibide eta azalpen guztiak eman ditzatela, herritarrei zor zaien gardentasunez.
  2. GHKri eta Aldundiko Jasangarritasun departamenduari eskatzea dagozkien neurriak har ditzatela Zubietako erraustegiak legeak baimendutako mailaren gainetik substantzia kimiko toxikoak isurtzeari utz diezaion.
  3. GHKri eta Aldundiko Jasangarritasun departamenduari eskatzea susta dezatela entitate independente baten sorrera, Zubietako erraustegiaren funtzionamendua eta jarduna publikoki kontrolatzea bermatuko duena, eta herritarren eta herrieragileen parte-hartzea ahalbidetuko lukeena. 4
  4. Adierazpen honen berri ematea Astigarragako herritarrei eta aipatutako eskaerak helaraztea GHKri eta Aldundiko Aldundiko Jasangarritasun departamenduari.

Ikusi mozioa osorik

  • Euskaraldiari buruzko adierazpen instituziola

Hiru alderdi politikoek aho batez onartu zuren adierazpen instituzionala.

Hona hemen adierazpenaren nondik-norakoak:

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta  praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugitzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik.

Ariketa sozialaren laugarren edizioa, beraz, 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da. Edizio berri honen leloak dion bezala, “Elkar mugituz egingo dugu”, denok batera, mugimendua sortu eta beste pauso bat eman dezagun euskararen erabileran.

Aurten ariketa sozialean parte hartuko duten entitate eta belarriprest eta ahobiziei gonbidapen gehigarri bat helarazi nahi diegu: beren egunerokoan edo jardunean euskararen erabilera areagotzeko urrats esanguratsuak eman ditzatela, lehen hitza euskaraz eginez, elkarrizketa elebidunak ahalbideratuz; azken batean, euskaraz dakienarekin euskaraz eginez.

Hori dela eta, Astigarragako Udalak honakoa adierazi nahi du:

  1. Euskaraldia ekimena babesten dugu eta herri bezala parte hartuko dugu ariketan.
  2. Gizartean eta herrian bertan Euskaraldia sustatuko dugu, ariketarekiko atxikimendu publikoa erakutsiz.
  3. Udalean euskararen alde urrats esanguratsuak eman eta ikusaraziko ditugu.
  4. Herri entitate eta herritarrei Euskaraldian izena eman eta parte hartzeko gonbidapena luzatuko diegu.

Elkar mugituz egingo dugu!

Ikus adierazpena osorik