Albisteak

Atzealdea 1880 kg hondakin baino gehiago jaso dira Urumea ibaian, Astigarragan.

4
Udalak Urzain enpresa kontratatu du Ergobiako zubiaren eta Galtzaur errekaren arteko eremuan ibaia garbitzeko. Orain arte bi garbiketa egin dira (apirilean eta ekainean) eta urte amaierara arte garbitzen jarraituko dute, bi hilean behin astebetez.

2022·07·07


Jakina da Urumea ibaian zehar hainbat motatako eta tamainatako hondakinak pilatzen direla. Hori horrela, Udalak Urzain enpresa kontratatu du ibaia garbitzeko.

Ekimen honen helburu orokorrak honako hauek dira: kutsatzaile plastikoek landarediari eta faunari eragindako kalteak murriztea, espazio natural horietan bizi den faunarentzako habitat-baldintzak hobetzea, elementu kutsatzaile fisiko zein kimikoen kargak murriztea espazio hidrikoetan, eta espazio natural horietatik itsasora iristen diren hondakinak % 90 murriztea eta kontrolatzea, besteak beste. Gainera, Urumea Astigarragako ardatz bihurtu den honetan, garrantzitsua da Ibaia garbi, txukun matendu eta herritarren eskura jartzea.

Garbiketak

Mota ezberdinetako hondakin ugari ikus ditzakegu ibai ertzeko ibar-basoan barreiatuta, nahiz zuhaitz eta landarediaren adarretan trabatuta: plastiko arinak, plastiko gogorrak, pneumatikoak, toalitak, arropak…

Astigarragan apirilean eta ekainean egindako garbiketetan bildutako hondakin motak eta kopuruak honako hauek dira:

  • Apirilaren 4tik 18rako astean:
HONDAKINA KG
Ontzi arinak 15,35
Inerteak 194,75
RAEEak 16,35
Egurra 332,28
Porex 0,54
Obra hondakinak 72,55
Kristala 22,96
PVC 38,35
Gurpilak 63,31
Gas bonbona 2,46
Metala 10,95
Fluoreszenteak 1,63
GUZTIRA 771,48

 

  • Ekainaren 13tik 17rako astean:
HONDAKINA KG
Ontzi arinak 6,45
Inerteak 213,80
Tamaina handikoak 570,85
Egurra 80,68
Metalak 98,31
PVC 17,50
Gurpilak 102,76
Bestelakoak 19,25
GUZTIRA 1.109,60

 

Jasotako hondakin guztiak sailkatu eta Hernaniko Garbigunera eramaten dira.

Garbitutako eremu osoaren azalera 46.229m2-koa da.

 

1 2 3 4