Albisteak
Atzealdea 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrentzako alokairurako laguntzak eskatzeko epea zabalik
2025·03·11
Etxebizitza politikan eragiteko helburuarekin, Udalak ekintza plan bat prestatu du 29 neurrirekin. Neurri horietako bat alokairu gastuak ordaintzen laguntzeko gazteei zuzendutako dirulaguntza deialdia da, aurten lehen aldiz zabaldu dena. Dirulaguntza honen helburua gazteen emantzipazioa eta Astigarragan errotzea erraztea da.
Dirulaguntza honen bidez, 2024an etxebizitza bat alokatzen aritu diren gazteei lagunduko zaie, alokairuak dakartzan gastuei aurre egin diezaieten, betiere beste erakunde batzuek ematen dituzten laguntzak jasotzeko eskubiderik ez badute. Laguntzak eskatzeko, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko alokairu gastuak aurkeztu ahal izango dira. 850 euroko edo hortik beherako hileko alokairuak lagunduko dira.
Laguntzaren zenbatekoa diru-sarreren arabera finkatuko da, eta eskatzaileek 300 eurorainoko laguntza jaso ahal izango dute hilean. Dirulaguntza hauek bideratzeko Udalak 30.000 euro aurreikusi ditu.
Eskaerak
Eskaerak egiteko epea apirilaren 10era arte dago zabalik. Telematikoki egin daitezke astigarraga.eus egoitza elektronikoaren bidez, baita udaletxeko erregistroan ere.
Dirulaguntza horiek izapidetzen direnean, Udalak irizpideen egokitasunaren balorazioa eta beharrezko egokitzapenak egingo ditu. Horrekin batera, Udalaren asmoa da datozen urteetan dirulaguntzen deialdi honek beste ildo batzuk izatea, beste adin-tarteak eta familia motak integratzeko.