Albisteak

Atzealdea Udal Gobernuak 2023-2027 agintaldirako proiektuak eta erronkak aurkeztu ditu herritarren aurrean

7
Aurkezpen ekitaldia atzo arratsaldean egin zen. Herritar eta herri eragile ugari hurbildu zen eta datozen urteetan egingo dena giro onean aurkeztu zen.

2024·03·15


Atzo, Xabier Urdangarin alkateak eta Udal Gobernua osatzen duten zazpi zinegotziek agintaldi-plana aurkeztu zieten astigartarrei.

Urrian hasi ziren lau gairi buruzko herri gogoetak: berdintasuna, euskara, irisgarritasuna eta tokiko garapen jasangarria. Legegintzaldiko plana herri-gogoeta horietatik ateratako ildoek eta Udal Gobernua lantzen aritu den beste proiektu batzuek osatzen dute. Horregatik, bereziki eskerrak eman nahi izan dizkiete prozesu hauetan Udalarekin elkarlanean aritu diren tokiko eragileei eta astigartarrei. Guztira, 318 pertsonak hartu dute parte herri-gogoeten prozesuetan, 18 saio ireki egin dira eta 122 galdetegi erantzun dira.

Udal Gobernuaren 2023-2027 legegintzaldirako planak proiektu eta ekintza ugari biltzen dituen arren, hautaketa bat egin da eta nagusiak erakusketa batean bildu dira. Erakusketak urte hauetan gauzatuko diren proiektuak eta erronkak jasotzen ditu. Guztira, erakusketa-aretoan 23 proiektu, partaidetza-prozesuak eta tokiko eragileen presentzia ikus daitezke, hainbat gunetan antolatuta. Irudiez eta informazioaz gain, erakusketaren barruan ikus-entzunezko bat eta iritziak eta/edo ekarpenak uzteko gune bat ere aurki daitezke. Horixe aurkitu zuten, atzo, aurkezpen ekitaldian bildu ziren herritarrek, Udal Gobernuko kideen azalpenak entzutearekin batera. Ekitaldiaren amaieran, astigartarrek erakusketa euren kabuz bisitatu zuten eta galderak eta ekarpenak egin zituzten, mokadu baten bueltan.

2023-2027 legegintzaldiko plan osoa laster egongo da eskuragarri udal webgunean. Baita herri-gogoetetatik ateratako plan estrategikoak ere. Horietan parte hartu duten herritar eta tokiko eragileek prozesuaren emaitzak eta txostenak eskuratu ahal izango dituzte.

Erakusketa irekia

Gaur hasi eta martxoaren 27ra arte ikusgai egongo da atzo zabaldutako erakusketa. Astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Sor daitezkeen zalantzak argitzeko, Udal Gobernuko kideak bi egunetan egongo dira bertan: martxoaren 21ean 17:00etatik 19:00etara eta martxoaren 25ean 11:00etatik 13:00etara.

Udal taldearen balorazioa

Udal Gobernuko kideek eskerrak eman nahi dizkiete atzo aurkezpen ekitaldira bertaratu zirenei, oso giro ona sortu zelako eta herritarrekin gustura hitz egiten aritzeko aukera izan zutelako. Eta atzo bertan egon ezin izan zirenak, erakusketa bisitatzera gonbidatzen dituzte.

1 2 3 4 5 6 7