Albisteak

Atzealdea Apirileko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea ospatu ziren asteartean, jai bezperan

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren irizpide eta xedeak finkatzen dituen dokumentuari oniritzia eman zitzaion Osoko Bilkuran. Tokiko Gobernuan, aldiz, gai nagusia dirulaguntzak izan ziren.

2024·05·02


Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko prozesuak aurrera darrai. Aurrerapena maiatzetik uztailera egon zen jendaurrean, herritarrek egindako ekarpenak aztertu ondoren helburu eta irizideak zehaztu dira. Irizpide eta xedeak finkatzen dituen dokumentuari oniritzia eman zion Osoko Bilkurak, Plan Orokorra idatzi eta egiteko kontutan izan behar direnak.

Bestalde, zerga fiskaletan aldaketa bat ere onartu zen Osoko Bilkuran, 2024-25 ikasturteko kiroldegiko tasak, bakidetza eta ikastaroena, onartuta geratu ziren.

Batzarretan obren eta hirigintzaren arloan hainbat gai onartu ziren:

  • Astigarragako 3. herri-bidea konpontzeko lanen kontratua Excavaciones y transportes Orsa S.L enpresari esleitzea onartu zen, lizitazioan puntuazio gehien lortu duen enpresa izan delako. 87.475,13 euroetan esleitu da kontratua.
  • "Ipintza Gurutzegain”eko itun-hitzarmena onartu zen.
  • Sidras Bereziartua, S.L. enpresaren lokala handitzeko hirigintza-baimena eman zen.
  • Zarkumendegi industrialdeko obrak aurrera doaz, eta Xehetasun Azterketa behin betiko onartu zen.

Dirulaguntzak izan ziren Tokiko Gobernu Batzordeko gai nagusia. Batetik, dirulaguntzen plan estrategikoan aldaketa bat onartu zen, Euskal Fondoaren esku uzteko 59.224,26 euro garapen bideko herrialdeetan burutzen dituen proiektuetara bideratzeko. Beraz, kopuru hori Euskal Fondoari dirulaguntza izendun gisa ematea eta diru hori horrela banatzea erabaki du Udalak:

  • 20.000,00 euro Kuban Adineko Helduentzako Arreta Integraleko Programa sendotzea, Habanako Historialariaren Bulegoak garatzen duena, lurraldeko adineko pertsonen zahartze osasungarrirako eta partaidetza sozialerako estrategiak sustatzeko.
  • 20.000,00 euro Nikaraguan, La Culebra- La Argentina komunitateetan edateko uraren eta saneamenduaren sistema hobetzeko.
  • 19.224,26 euro RASD Saharan Garraio eta Energia Ministerioko zuzendaritza nagusien lana indartzeko.

Beste hainbat elkarteren urteko dirulaguntza izendunak ere onartu ziren:

  • 5.000 euroko dirulaguntza izenduna Astikat elkarteari, herriko katuen kolonien jarraipena eta kontrola egiteko, besteak beste.
  • 30.040 euroko dirulaguntza izenduna Xaguxar elkarteari, elkarteak urtean zehar antolatu eta aurrera eramango dituen haur eta nerabeen aisialdiko jarduerak eta udalekuak antolatzeko, besteak beste.
  • 19.390 euroko dirulaguntza izenduna Aiztondo abesbatzari, urtean zehar eskainiko dituen sei emanaldietarako, zuzendaritza, abesbatzaren prestakuntza artistiko eta elkartearen kudeaketa gastuak laguntzeko, besteak beste.
  • 10.000 euroko dirulaguntza izenduna Eragiyok abesbatzari, AHOBER abesbatza zikloa antolatzeko, urtean zehar Astigarragan hiru emanaldi eskaintzeko eta abesbatzaren prestakuntza artistiko eta elkartearen kudeaketa gastuak laguntzeko, besteak beste.

Azkenik, dirulaguntzei lotuta, lehen sektoreko proiektuak sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetez luzatzea erabaki zen astearteko Tokiko Gobernu Batzordean.