Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak anbulatorio berria kokatzeko Plan Orokorraren aldaketa puntuala bideratzeko parte-hartze saio irekia burutuko du
2024·05·02

2024ko otsailaren 27ko ohiko osoko bilkurak, Urumea Berriko kirol anitzeko kantxen inguruan anbulatorio berria kokatzeko Astigarragako HAPOren 7. aldaketa puntualari aldaketari hasiera ematea erabaki zuen aho batez. Honekin batera, indarrean dagoen arautegiak zehaztu bezala, aldaketa burutzeko herritarren parte-hartzea bermatzeko parte-hartzeko programa onartu zen ere.
Parte-hartze programa honen baitan kokatzen da astelehenean, hilaren 6an, Erribera Kulturguneko erakusketa aretoan arratsaldeko 19:00etan egingo den batzar irekia. Bertan, aldaketaren inguruko azalpenak eta kokaleku berri hau erabakitzearen arrazoiak adieraziko dira. Era berean, herritarren ekarpen eta iritziak jasotzeko abagunea ere izango da.
Esan bezala, Astigarragako anbulatorio berria Urumea Berriko kirol anitzeko kantxen inguruan kokatzea aurreikusten da, herri-gune osoaren ia zentro geografikoaren. Kirol anitzeko kantxa atzerago lekualdatuko eta beraz ez da desagertuko; bertan jarraituko du baino metro batzuk atzerago. Aurreikusi den eraikinak 600m2ko azalera izan ahalko du eta gehienez ere behe solairuaz gain beste 4 solairu goraka eta beste bi lur-azpian biltegiak edo aparkalekuak kokatzeko.
Udal Planeamenduari buruzko Aholku batzordea 18:00etan
Batzar irekia baino lehen, Astigarragako Udalak Udal Planeamenduari buruzko Aholku batzordeko deialdia egin du batzordeko kideei ere aldaketa puntualari buruzko informazioa emateko. Aholku batzorde honek, behin udalak aldaketa puntualaren agiriari hasierako onarpena ematen dioenean, aldaketari buruzko txostena osatu beharko du eta espediente administratiboari gehitu beharko zaio.
