Albisteak
Atzealdea II. AHOBER ahots berdinen abesbatza zikloaren aurkezpena
2024·04·23

Hasierako hitzak Xabier Urdangarin alkateak egin zituen. Bertan Astigarragak duen kultura eskaintza zabalari ERAGIYOKek egiten dion ekarpena aipatu eta eskertu du, eta gogoratu du askotan zailena ez dela ekimen bat martxan jartzea, horri jarraitasuna ematea baizik. Alde horretatik, ERAGIYOK zoriondu du zikloaren antolaketarekin aurrera egiteagatik. Era berean, Astigarragaren izena herritik kanpo zabaltzeko egiten duen ahalegina ere goraipatu du. Jarraian, ERAGIYOKeko ordezkariak jaialdiaren aurtengo ekitaldiak izango dituen xehetasunak aurkeztu ditu. Bigarren edizioa ere hiru kontzertuz osatuta egongo da:
- Apirilak 27: Hots Abesbatza (Oñati) – Erribera kulturgunea.
- Irailak 28: TuttoVoce (Segovia) eta ERAGIYOK – Erribera kulturgunea.
- Abenduak 14: ERAGIYOK eta Txirriskla Txistulari Taldea – Erribera kulturgunea.
Ziklo honen bitartez ERAGIYOKek Astigarragako, inguruko herrietako eta Gipuzkoako kultura eskaintza handitzea bilatzen du, gutxiago landutako esparru batean, ahots berdinen taldeena.
Era honetan, ERAGIYOKek bere ohiko jarduera osatzen du, non euskal egileen musika Euskal Herriko hainbat lekuetara eta baita Euskal Herritik kanpo ere (Espainia, Frantzia eta Italia) eraman duen 2018an sortu zenetik. Izan ere, emandako ia hirurogei kontzertuetan zehar ahots berdinetarako egindako ehun obra desberdin baino gehiago abestu ditu, euskal egileenak izanik horietako laurogei.
Aurkezpena amaitzeko, Naroa del Orden kultura zinegotziak ere eskertu du ERAGIYOKek herrian egiten duen lana, eta nabarmendu du herriko eragileen artean elkarkidetza sustatzeko ahalegina, kasu honetan ERAGIYOKek eta Txisrriskla Txistulari Taldeak emango duten abenduko kontzertuaren gauzatuko dena.
Apirilak 27, 19:00 – Hots Abesbatza (Oñati)
AHOBER zikloaren lehenengo hitzordua apirilaren 27an izango da Erribera kulturgunean, doako sarrerarekin, Oñatiko Hots Abesbatzaren eskutik. Aitor Biainek zuzentzen duen taldeak ‘Calare’ izeneko programa ekarriko du Astigarragara, nazioarteko eta Euskal Herriko musikagileen obrak tartekatzen dituena. Taldea Amaia Zipitriaren laguntza izango du pianoan.
Kontzertuaren lehen zatian Hassler, Schubert, Duruflé edo Mendelssohn-en moduko konpositoreen piezak entzun eta gero, kontzertuaren bigarren zatian euskal doinuen txanda izango da, eta bertan emakume musikagileak izango dira protagonista, hala nola Junkal Guerrero, Eva Ugalde eta Idoia Azurmendi.
Aukera bikaina ahots zurien errepertorio anitzaz gozatzeko.
Hots Abesbatza
Hots Abesbatza Oñatiko Ganbara Abesbatzaren oinarritik 2016an sortutako emakumeen abesbatza da. Gaur egun 40 kide inguruz osatutako taldea da.
Sorkuntzako urtean estreinaldia egin zuenetik ibilbide oparoa egin du gaur egun arte, Musika Ziklo, kontzertu eta topaketa ezberdinetan parte hartuz.
Nabarmentzekoa, “Oroimenean” produkzioa. Alzheimer gaitzak jota gaixo dagoen pertsona baten bizipen eta gogoetak mami hartuta, taularatutako saioa da. Proiektu hau borobiltzeko, disko baten grabaketarekin gorpuztu zuen Hots Abesbatzak lehen ia 4 urteetako ibilbidea.
Aipamen berezia merezi du “Amalurra” ikus-entzunezko ekoizpenak, abesbatza, pianoa, bertsolaria eta dantzari taldearentzat diseinatutako proiekzioak. Planeta salbatzeko laguntza dei bat abiarazten duen ikuskizuna da, naturan egindako bidaia bat, protagonismoa honen elementuei utziz: ura, sua, airea, animaliak, basoa, gaua,...
2022an Ejea de los Caballeros-en (Zaragoza) urtero ospatzen den "49. Abesbatza Lehiaketan" saritua izan zen, hirugarren postua eta publikoaren saria eskuratuz. 2023an urtean, “Fondazione Guido d’Arezzo” nazioarteko lehiaketan ahots berdinen sailean lehen postua lortu zuen, eta 4. postua Sekular modalitatean
