Albisteak

Atzealdea Udal ordezkariek eta AHIZE-AEKko kideek Astigarragako 2024-2029 Euskararen Plan Estrategikoa xehetu zuten atzo prentsaurreko batean

Euskararen gaiari lotuta, apirilaren 25ean Iñaki Iurrebasok hitzaldia emango du 18:00etan, Erriberan. Astigarragako datu soziolinguistikoak interpretatzeko begirada berri bat eskainiko du.

2024·04·18


Udala 2023ko urrian hasi zen 2024-2029 Euskararen Plan Estrategikoa egiten. Plana prest dago eta asmoa maiatzeko Tokiko Gobernu Batzarrean onartzea da. 

Atzo aurkeztu zuten plana, Xabier Urdangarin alkateak, Ainara Vazquez Euskara zinegotziak eta AHIZE-AEKko kide diren Iker Goñik eta Garazi Redondok.

<<Buruntzaldean eta Astigarragan ere aspalditik ari gara lanean, euskera sustatzeko ekintzak antolatzen. Hori guztia biltzera eta jauzi kualitatibo bat ematera dator Plan Estrategikoa. >>adierazi zuen alkateak.

Plana egiteko, Udalak hausnarketa- eta eztabaida-prozesu bat sustatu du, etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko. Planak euskararen egoera marrazten du eta euskararen normalizazioa bultzatzeko lankidetza eta koordinazio bideak zirriborratzen ditu. Planaren dinamizatzailea AHIZE-AEK izan da eta bere ordezkariek eman zuten atzoko prentsaurrekoan prozesuaren berri. 

Plana parte-hartzean oinarritu da, udaleko ordezkari tekniko eta politikoekin, hainbat diziplina eta eremutako tokiko eragileekin eta parte hartu nahi izan duten herritar guztiekin lankidetzan egin da. Eta, hiru helburu nagusietatik abiatu da:

  • Euskararen egungo egoera ezagutzea. Horretarako, Astigarragako errealitate soziolinguistikoaren argazki zehatza egin da, azken 20 urteetako datuak kontuan hartuta. Udalerriko eragileen eta herritarren irizpenak eta ekarpenak ere jaso dira.
  • Bilakaera aztertu ondoren, gako nagusiak zehaztea.
  • Tokiko indarguneak eta ahulguneak zein diren jakinda, etorkizunerako lan-ildo nagusiak diseinatzea.

Diagnostikoa: ezagutza gora, erabilera behera

Astigarragan euskararen ezagutzak gora egin du, baina ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea handitzen ari da. Honen harira hainbat datu esanguratsu azaldu zituzten:

  • Azken 20 urteetan, euskararen ezagutzak 5 puntu egin du gora.
  • Azken bi neurketen artean 7 puntuko beherakada izan da erabileran, eta kale erabilera % 30 inguruan aurkitzen da (10 elkarrizketatik 3 baino ez dira euskaraz).
  • Haur eta gazteek erabiltzen dute gehien euskara kalean, baina azken neurketan inoizko daturik baxuenak bildu ziren. Gazteen kasuan, aldiz, erabilerak gora egin du. Horiek dira adi jarraitzeko joerak, horiek markatuko baitute etorkizuneko euskararen erabilera herrian.
  • Etxeko hizkuntzaren bilakaerari dagokionez, euskaldunak diren familien etxeko hizkuntza gero eta gutxiagotan da euskara (20 urtetan 12 puntu baino gehiago jeitsi da). Egun, astigartarren laurdenak baino gutxiagok du euskara etxeko hizkuntzatzat.

<<Datu horiek adierazten dute euskararen erabilera hobetzeko lan handia dagoela. Alabaina, euskararen ezagutza-maila altua da herrian eta horrek, aldeko olatu eta sustapen lan egoki baten bitartez, erabilera datuak hobetzeko aukera eskaintzen digu>> adierazi zuen euskara zinegotziak. Eta <<Plana egiteko garaian indarrak horretara bideratu dira>> eta<<Astigarraga Uema udalerri euskaldunen mankomunitateko kide dela baliatuko da helburu hori garatzeko>>erantsi zuen.

Planean, guztira, 100 lan-ekimen zehatz jasotzen dira. Hauek dira arlo ezberdinetan aurreikusi diren ekimen esanguratsuenak:

  • Herri mailan helburu nagusia 2 urteko epean Astigarragako Euskara Kontseilua sortzea da. Herrian euskararen arloan lan egiten duten eragileak saretzea, euskararen normalizazioan erreferente izateko.
  • Jarreran eta motibazioan bereziki eragin nahi da, euskaldun izatearen kontzientzian eragiteko hainbat ekimen jarriko dira abian. Bereziki, gurasoenganako sentsibilizazioan eta Herri Eskolarekiko lankidetza estuan zentratuko da.
  • Euskararen erakargarritasuna lantzeko, kirol arloari arreta berezia eskainiko zaio. Alde batetik, prestatzaile eta entrenatzaileei zuzendutako saioak antolatuko dira datorren urtean. Halaber, kirol-munduko euskal erreferenteekin sentsibilizazio-kanpainak egitea aurreikusi da.
  • AEKrekin elkarlanean, euskara ikasteko eskaintza zabaltzen eta indartzen jarraituko da. Euskara ikasteko dirulaguntzak berrikusteko lana egingo da, doakotasuna helburu. Gainera, egoitza berria inauguratuko da Nabarra-Oñatzen.
  • 2025-2026rako diseinatuko den harrera-planaren garapenean, hizkuntza zeharkakotasunez landuko da.
  • Erabilerari dagokionez, euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko estrategia espezifikoak garatuko dira.
  • Euskararen erabilera sustatzea helburu duten proiektuak finantzatzen jarraituko da: Mintzalagun, Zilegi Eskolak, euskararen urteko astea, etab.
  • Tokiko establezimenduekin lankidetzan, euskarazko zerbitzuen eskaintza sustatuko da, estrategikotzat jotzen diren eremuei arreta berezia eskainiz.
  • Aisialdira bideratutako euskarazko kultur eskaintza zabala eskaintzen jarraituko da, bereziki haur eta gazteentzako eskaintza zainduz.
  • Astigarragako euskararen historia sozialari buruzko beka berri bat jarriko da abian.

“Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?” hitzaldia

Apirilaren 25ean, 18:00etan, Erriberan, Iñaki Iurrebasok hitzaldi bat emango du, Astigarragako datu soziolinguistikoak interpretatzeko begirada berri bat eskainiz eta euskaldun eta euskaltzaleen artean ilusioa eta gogoa pizteko asmoz.

Iñaki Iurrebaso soziologoa, UPV/EHUko irakaslea eta UEMAko ikerketa teknikaria da, eta 2023ko otsailean aurkeztu zuen bere doktore-tesia: hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Tesiak hankaz gora jartzen ditu euskalgintzak eta erakundeek azken urteetan erabili dituzten diskurtso batzuk eta bide berriak proposatzen ditu.

Gauza asko ulertu eta ikasiko ditugu hitzaldian, eta Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu saioan parte hartzera.