Albisteak

Atzealdea Martxoan Udal Foroa egin zen Herri Eskolako ikasleekin, 2030 Agendaren testuinguruan

Herri Eskolako eko-ordezkariak, 2030erako Eskola Agendaren irakasle koordinatzaileak, alkatea eta ingurumen zinegotzia izan ziren partehartzaileak

2024·04·17


2023-24 ikasturteko lehen Udal Foroa izan da martxokoa. Bertan ikasleek kurtsoan zehar egindako lana aurkezteko aukera izan zuten eta alkateak eta ingurumeneko zinegotziak azalpenak arretaz entzun zituzten. Bestalde, udal ordezkariek ikasleek 2023ko ekaineko foroan egindako eskaera eta proposamenei erantzun zieten, eta herrian egin diren eta egingo diren hobekuntzen eta aldaketen berri eman zieten. Azkenik, Herri Eskolak eta Udalak energia aurrezteko eta energia berriztagarriak sortzeko elkarrekin abiatu ditzaketen ekimenak adostu zituzten.

Ikasturte honetan ere horrelako ekimenak egin dira, esaterako, Herri Eskolako galdara-gelari buruz egindako saioa. Eskolan gehien kontsumitzen duen arloa berokuntza da, hori dela eta, saioaren helburua ikasleek ura berotzeko sistema hobeto ezagutzea zen. Saio hori Imanol San Sebastian Udaleko teknikariak eskaini zien ikasleei, eta galdarari buruzko azalpenak emateaz gain, ura berotzeko sistema ere erakutsi zien.

Hasi berri dugun azken hiruhilekoan ikasleek energiaren gaia jorratzen jarraituko dute, eta egin beharreko zenbait lan zehaztu dituzte; besteak beste, komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzea, eskolako teilatuan dauden plaka fotovoltaikoen funtzionamendua aztertzea eta baratzeak bisitatzea.