Albisteak

Atzealdea Udalak aldiriko trenari buruzko hitzarmena onartu du

5
Udalak ADIFetik eta Eusko Trenbide Saretik jaso dituen azken informazioen arabera, lanak 2025eko lehen seihilekoan hasiko dira.

2024·04·12


Martxoan urrats garrantzitsuak eman dira Astigarragako aldiriko trenaren inguruan, Osoko Bilkuran onartu baitziren geltokia eta pasabidea martxan jartzeko beharrezko izapideak, Udalak lehentasun osoa eman nahi izan baitio gai horri.

Osoko bilkurak, aldiriko trena dela eta, onartu egin zuen, alde batetik, zenbait ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzeko espedientea, hau da, Udalak laga behar dituen lursailak jabari publikoko izaeratik ondare izaerakoetara igarotzea; bestetik, ADIFi lursail horiek doan lagatzea, pasabidea egiteko beharrezkoak baitira; eta azkenik, Eusko Jaurlaritzaren, ADIFen, Foru Aldundiaren eta Astigarragako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena.

Hitzarmenean, Astigarragako aldiriko tren-geltokiaren eta pasabidearen obren finantzaketa eta erakunde bakoitzaren betebeharrak jasotzen dira. Astigarragako Udalari dagokio lurrak ADIFi lagatzea eta pasabidea 75 urtez zaintzea eta mantentzea. Hasierako planteamendutik urrun, Astigarragako Udalak dirurik jarri behar ez izatea lortu da. Hori bai, Astigarragako Udalak pasabidea eraikitzeko lurrak jarriko ditu (aurreko legealditik udal jabetzakoak), eta 75 urtez pasabidea mantentzeaz arduratuko da: garbiketa, hornidura elektrikoa, mantentze-lan orokorrak...

Esan bezala, finantziazioa beste erakundeen esku geratuko da. Geltokiaren eta pasabidearen kostua, guztira, 13.677.563,75 eurokoa da (BEZik gabe). Pasabidearen kostua 3.842.389,76 eurokoa da (BEZik gabe).

Lehiaketa martxan jartzea eta obrak egitea Eusko Trenbide Sarearen (Eusko Jaurlaritza) izango da. Udalak duen informazioaren arabera, obrak 2025eko lehen seihilekoan hastea litzateke asmoa.

1 2 3 4 5