Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egiten die herritarrei

Iazko kanpainan 799 herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz Astigarragan, % 18,14k. Udalaren erronka kanpaina honekin 1000 biztanlera iristea da.

2024·04·11


Aste honetan, foru-ogasunek 2023ko errenta-aitorpenaren kanpaina hasi dute, eta uztailaren 1era arte iraungo du.

Uemak aurten ere errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi ditu herritarrak, eta beste erakunde eta udal batzuekin batera bideratu du kanpaina, besteak beste, Astigarragako Udalarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi digunez, orain arte, 92.173 gipuzkoarrek eskatu dute Ogasunarekin harremanetan jartzeko hizkuntza euskara izatea. Hori dela eta, kanpaina honetan, hasiera batean ezarritako 100.000 pertsonako helburu sinbolikoa gainditzea espero da.

Astigarragari dagokionez, iaz egindako 4405 aitorpenetatik 799 euskaraz izan ziren, hau da, % 18,14. Poliki bada ere, kopuruak gora egin du; izan ere, 2022an 749 errenta-aitorpen egin ziren euskaraz, hau da, 2023an baino 50 gutxiago. Aurten Udalaren erronka kopurua handitzea eta kanpaina honekin 1000 biztanlera iristea da.

Nola egin errenta-aitorpena euskaraz?

Aldaketa oso erraza da, eta hori egin ondoren, ondorengo errenta-aitorpenak automatikoki euskaraz etorriko dira. Errenta aitorpena egiteko modua edozein dela ere, hau da, autolikidazioa jasotzen baduzu, mekanizatua egiteko hitzordua eskatzen baduzu edo Internet bidez egiten baduzu, euskaraz egin dezakezu:

  • Autolikidazio proposamena: Proposamena telefonoz zein internetez onartzen duzunean, esan euskaraz egin nahi duzula.
  • Mekanizatua: Mekanizatua egiteko hitzordua eskatzen duzunean, adierazi hori egin nahi duzula.
  • Internet bidez: Deskargatu Internetetik programaren euskarazko bertsioa eta aukeratu euskara hizkuntza gogokoenaren atalean.