Albisteak
Atzealdea Udal Gobernuak 2023-2027 legegintzaldirako plana aurkeztuko du martxoaren 14an, 19:00etan, Erribera kulturgunean
2024·03·08

Astigarragako udal gobernu taldeak 2023-2027 Legegintzaldi Planaren aurkezpena egingo du martxoaren 14an. Agintaldi honetako proiektuak eta erronkak azaltzeko, udal ordezkariek proiektu eta erronka nagusiak biltzen dituen erakusketa baliatuko dute. Hurrengo urteotan gauza asko gertatuko dira herrian, kiroldegia handituko da, Apeztegiko igogailua eraikiko da, ibai parkea handituko da, Herri Eskola handituko da, DBHko ikastetxea eraikiko da, aldiriko tren geltokia egingo da... Erakusketan proiektu horiei eta beste askori buruzko argibideak egongo dira, askotan egiten ditugun galderen eranzunak eta informazioa aurkitu ahal izango dugu.
Legegintzaldiko plana zabalagoa bada ere, aurkezpen-ekitaldian azalduko diren proiektu eta erronka nagusiak jasotzen dira erakusketan. "Horiek guztiak gure ardatzak diren berdintasunerantz, jasagnarritasunerantz eta parte-hartzerantz bideratuta daude", adierazi du gobernu-taldeak. Gaineratu dutenez, "gure helburua herrian zerbitzu duinak egotea da".
Aurkezpen ekitaldia
Herritarren eta tokiko eragileen nahiak eta beharrak entzun ondoren, martxoaren 14ko ekitaldian udal taldeak datozen urteetarako dituen planak eta erronkak azalduko ditu. Ekitaldia 19:00etan hasi eta 20:30ean amaituko da eta Erriberako erakusketa aretoan egingo da. Bertan, alkate eta zinegotziek agintaldian zehar gauzatuko diren proiektu nagusien berri emango dute, musika ere egongo da tartean eta ekitaldiaren amaieran mokadutxo bat eskainiko zaie bertaratutakoei.
Herritarren eta tokiko eragileen nahietatik eta beharretatik abiatu diren proiektu horiek azaltzeko, oso garrantzitsua da herritarrek eta eragileek ekitaldian parte hartzea, eta udal-gobernuak bertan egotera gonbidatu nahi ditu.
Erakusketa
Erakusketa martxoaren 27ra arte egongo da ikusgai Erribera zabalik dagoen ordutegian, astelehenetik ostiralera 9:00-13:00/16:00-20:00. Bi egunez, gainera, udal gobernuko kideak izango dira bertan, herritarrek proiektuei buruz dituzten zalantzak argitzeko: martxoaren 21ean 17:00etatik 19:00etara eta martxoaren 25ean 11:00etatik 13:00etara.
