Albisteak

Atzealdea Aldiriko trenari buruzko hitzarmena martxoan onartuko du Udalak

5
Hitzarmena otsaileko ogasun batzordera eraman zen, eta une honetan lurrak lagatu ahal izateko beharrezkoa den prozedura martxan dago.

2024·03·08


Aldiriko trena herrian izateko lehenengo urratsak eman dira, Udalak, gai honi lehentasuna eman dio eta otsailaren 20an Ogasun Batzordera eraman zuen hitzarmena eta aho batez onartu zuten alderdi guztiek.

Aurreko legealdian bildu baziren ere, Astigarragako Alkatea eta mugikortasun zinegotzia urriaren 20an elkartu ziren Eusko Jaurlaritzaren menpeko Trenbide Sareko arduradunekin eta ordutik Udala hitzarmenaren zain izan da eta azkenean otsailaren 15ean iritsi zen, ia 4 hilabete geroago.

Hitzarmen hau Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren, ADIF-en eta Astigarragako Udalaren artekoa da. Bertan, Astigarragako aldiriko tren geltokia eta pasabidea egiteko obren finantzaketa eta erakunde bakoitzaren betebeharrak jasotzen dira. Astigarragako Udalari, lurrak ADIF-eri lagatzea eta pasabidea 75 urteetan zaintzeko eta mantentzeko ardura egokituko zaizkio. Hasierako planteamendutik urrun, Astigarragako Udalak dirurik jarri behar ez izatea lortu da. Hori bai, Astigarragako Udalak lurrak (aurreko legealditik udalaren jabegokoak diren lurrak) jarriko ditu pasabidea eraiki dadin eta 75 urteetan pasabidearen mantenuaz arduratuko da: garbiketa, hornidura elektrikoa, mantenu orokorra...

Udalak lurrak lagatu behar dituenez, hitzarmena jaso bezain azkar, udalak lagapen hori gauzatu ahal izateko legediak eta arautegiak zehazten dituen prozedurari ekin dio eta horri esker, martxoan bertan hitzarmena onartzeko prest egongo da Udala. Erabateko lehentasuna eman zaio hitzarmenaren tramitazioari eta horren lekuko, presazko izapideaz baliatuz, dagoeneko lehen eta ezinbesteko ebazpenak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu direla (2024/02/21 eta 22eko buletinetan, hain zuzen ere).

Behin hitzarmena onartuta, laster sinatuko dute lau erakundeek hitzarmena.

Guztizko kostua, geltokiarena eta pasabidearena, 13.677.563,75 eurokoa da (BEZa kanpo). Pasabidearen kostua 3.842.389,76 eurokoa da (BEZa kanpo). Esan bezala, finantzaketa beste erakundeen esku geratuko da bere osotasunean. Informazio hau guztia otsaileko osoko bilkura baino lehen eman zen Hirigintza batzordean 2024ko otsailaren 20an.

Beraz, Astigarragako Udalak EAJko bozeramaileak aldiriko tren geltokiari buruz Udalak informaziorik edo hitzik egin ez duela gezurra dela salatu nahi du eta Udalak EAJko bozeramaileei arduraz eta seriotasunez joka dezaten dei egiten die beste behin.

Hitzarmena sinatzen denean, hurrengo urratsak lehiaketa abian jartzea eta obrak hastea izango dira, obrak 2025-26an egingo direla aurreikusten da. Ardura hau guztia Eusko Trenbide Sarearen izango da.

Mugikortasun arloko beste proiektu estrategiko batzuk, dBizi sistema

Une honetan beste proiektu bat ere martxan dago, mugikortasunaren arloan Astigarragarentzat estrategikoa izan daitekeena. Aurreko agintaldian hasi zen Astigarragako Udala Donostiako Udalarekin harremanetan dBizi bizikleta sistema Astigarragan ezarri ahal izateko. Donostiako Udalak otsaileko Tokiko Gobernu Batzordean eraman zuen Astigarragan sistema instalatu ahal izateko azterlana hasteko proposamena (Astigarragako Tokiko Gobernu Batzordeak dagoeneko 2023ko maiatzaren 25ean onartu zuen protokoloa). Hori horrela, bi Udalek protokolo bat sinatu berri dute azterlanari ekiteko. Une horretatik aurrera, urtebeteko epea hartuko da gaia sakon aztertzeko, ikuspegi juridikotik, teknikotik eta ekonomikotik.

Astigarragako Udalarentzat oso erabaki pozgarria da, ia bi urteko lanketaren ostean, Donostiarekin osagarria izango den alokairuko bizikleta sistema izateko aukera gertuago dagoelako eta mugikortasun jasangarrian jauzi esanguratsua izan daitekeelako.

1 2 3 4 5