Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak eta Astiko merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduen elkarteak hitzarmen berria sinatu zuten joan den ostiralean
2024·03·11

Udala dirulaguntza izendunak eta lehia irekikoak jartzen ari da martxan urteko lehen hilabeteetan. Horren adibide da Astiko elkartea, joan den martxoaren 8an hitzarmena sinatu baitzuen Udalarekin 25.000 euroko laguntza jasotzeko.
2024rako Astikok orain arteko lan-ildo nagusiei jarraipena ematea du helburu: sektorea indartzea Astigarragako merkatarien eta ostalarien lankidetza sustatuz, elkarteari ikusgarritasun eta hedapen handiagoa ematea, herrian kontsumitzen dutenak leialtzea eta herriko merkatari eta ostalariak prestatzen jarraitzea. Horretarako, ekintza arrakastatsu batzuei eutsi nahi die (Gabonetako GauTopa eta zozketa), eta beste ekimen berritzaile batzuk jarri nahi ditu abian; adin txikikoek establezimenduetako telefonoak erabiltzeko aukera zabaltzea, eta tokiko kontsumoa sustatzeko formula berriak abian jartzea, besteak beste.
Beste dirulaguntza batzuk
Astiko elkartearekin batera, hitzarmenak sinatu berri dituzten edo egiten ari diren hainbat elkarte daude, hala nola Galtzaur elkartea, Matazak elkartea eta Astigarragako Emakumeon Etxea. Bakoitzari, bere arloan dagozkion helburuak lortzeko eta ekintzak bideratzeko.
Kulturaren, jaien eta ospakizunen arloko dirulaguntzen deialdi irekiak ere jarri dira abian, bai eta lehen sektoreko proiektuak sustatzea helburu dutenak ere.
Udalak falta diren dirulaguntza izendunak onartu eta hitzarmenak sinatuko ditu, eta lehia askeko deialdiak abiaraziko ditu datozen hilabeteotan.
