Albisteak
Atzealdea Martxoko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea ospatu zituen udalak atzo, aste santuaren atarian
2024·03·27

Kreditu gehigarria eta kreditu gaikuntza
Gastu orokorretarako gerakinetik 426.377,96 euro gehituko zaizkio 2024ko aurrekontuari , hainbat partida osatzeko eta partida berri batzuk gehitzeko helburuarekin. Finantzatuko diren egitasmo esanguratsu batzuk hauek dira:
- Bidegorri sarea osatzeko (DBHko eraikinera iritsiko dena): 200.000 euro
- Hiri tentsionatu izendatzeko aholkularitza kontratatzeko: 17.000 euro
- Udan igerilekuaren egutegia zabaltzeko (bero boladak eta aldaketa klimatikoa direla eta):10.000 euro
- Irisgarritasun planeko ekintzak gehiago egiteko: 65.000 euro
- Elkarte batzuen dirulaguntzak osatzeko (Txirriskla, Gazte Asanblada, Matazak, Mundarro…): 25.000 euro
Eta beste hainbat doikuntza txikik osatuko lukete kopuru hori.
Bestalde, aurreikusi gabeko diru-kopuru bat jaso du Udalak, 404.000 eurokoa, lur mugimenduen tasagatik. Beraz, kreditu gaikuntza onartu zuen Osoko Bilkurak. Kopuru hori Errekalde auzoan aparkalekuak egiteko erabiliko da, hori ere ontzat eman zuen atzo batzarrak.
Astigarragako Aldiriko Trena
Aldiriko trenaren geltokia eta pasabidea martxan jartzeko behar diren tramiteak onartu zituen Osoko Bilkurak. Batetik, hainbat ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzeko espedientea onartu zen, lagatu beharreko lursailak herri-jabariko izaeratik ondare izaerara pasatzeko. Bestetik, ADIFi lurzati horiek (pasabidea egin ahal izateko behar direnak) doan lagatzea onartu zen. Eta azkenik, Astigarragako tren geltoki berriko pasabidearen obrak finantzatzeko EAEko Administrazio Orokorraren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Astigarragako Udalaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) arteko lankidetza-hitzarmena ere onartu zen.
Herri-baratzeen emakida
Astigarragako aisialdiko herri-baratzeen proiektua eta lizitazio-prozedura irekitzea onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran. Mendiaundi-Anibarko 36 herri-baratze esleituko dira herritarren artean. Lizitazioa GAOn eta Udalaren web-orrian argitaratuko da eta GAOn argitaratzen denetik, 20 egutegi eguneko epean aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Hirigintzaren arloko hainbat gai onartu ziren astearteko batzarretan:
- “Txalaka-Oialume” 16 HJEko P-7B1 eta P-7B3 pabiloien artean eraikigarritasuna eramateko plan berezia onartu zen, bi partzelen arteko eraikigarritasun trukerako.
- Ipintza Gurutzegain HEUko urbanizatzeko jarduketa programa eta hiritartze proiektua onartu ziren.
Euskara sustatzeko planak
Euskararen arloan, bi plan onartu ziren Tokiko Gobernu Batzordean. Batetik, Astigarragan euskararen erabilera sustatzeko 2024 urteko plana (UEMA). Eta bestetik, euskara arloko egitasmoak elkarlanean garatzeko Buruntzaldeko 2024 urteko plana.
Dirulaguntzak izan ziren Tokiko Gobernu Batzarraren gai nagusia, hainbat elkarteren dirulaguntza izendunak eta lehia irekiko deialdiak onartu ziren:
Euskararen arloan
- Euskara sustatzeko dirulaguntza lerro desberdinen oinarriak eta deialdiak onartu ziren, hala nola, merkataritza eta enpresa alorrean euskeraren erabilera sustatzeko, aisialdiko begirale edo zuzendari titulurako prestakuntza, euskararen udako ikastaroetarako, eta euskararen erabilera sustatzea helburu duten ekimenak garatzeko.
- Euskara sustatzeko bi dirulaguntza izendun onartu ziren:
- 35.000euroko dirulaguntza izenduna onartzea Dobera Euskara Elkarteari.
- 10.162,87 euroko dirulaguntza izenduna onartzea Astigarragako AEK Euskaraz Kooperatiba Euskaltegiari.
Hezkuntzaren arloan
- Hezkuntza arloko dirulaguntza lerro desberdinen oinarriak eta deialdiak onartu ziren. Batetik, ikasleentzako garraiolaguntzak, eta bestetik, familientzat eskola materiala erosteko laguntzak.
- Hezkuntza arloan bi dirulaguntza izendun:
- Norberto Almandoz musika eskolari 161.500 euroko dirulaguntza.
- Astigarragako Herri Eskolako Guraso elkarteari 8.583 euroko dirulaguntza.
Adin txikikoen arloan
Osasun, hezkuntza eta oro har, garapenaren baitan sortzen diren beharrei erantzuna emateko lagungarriak izan daitezkeen tratamenduetarako dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia onartu zituen Tokiko Gobernu Batzarrak.
Berdintasunaren arloan
Astigarragan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu eta xedearekin lotutako programa, proiektu eta jarduerak aurrera eramateko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartu zen.
Kirolaren eta gazteriaren arloan
- Kirol arloko proiektuak eta kirol ekintza puntualak aurrera eramateko 2024ko dirulaguntzen oinarriak onartu ziren.
- Kirolaren eta gazteriaren arloan bost dirulaguntza izendun onartu zituen batzarrak:
- Mundarrori udalerrian kirola sustatzeko 85.000 euroko dirulaguntza. Osoko Bilkuran 15.000 euro gehiago onartu dira gerakinetik, aurrerago elkarteari gehitzeko.
- Herri eskolako guraso elkarteari batetik, 10.746,83 euroko laguntza eskolaz kanpoko 2023/24 kirol ekintzak antolatu eta aurrera eramateko, eta bestetik, 10.258 euro, igeriketa kanpainarako.
- Goldeari 18.000 euro baserri mundua eta herri kirolak sustatzeko
- Gazte asanbladari 8.500 euroko dirulaguntza gazteei zuendutako ekitaldiak antolatzeko. Osoko Bilkuran 5.500 euro gehiago onartu dira gerakinetik, aurrerago elkarteari gehitzeko.
Kulturaren eta jaien arloan
- Bi dirulaguntza izendun onartu ziren kulturaren eta jaien arloan:
- Danak Bat Elkarteari, 28.000 euro Ergobiako jaiak antolatzeko.
- Ergobiko Gastronomia Elkarteari, 4.000 euro euskal jaia antolatzeko.
- Kultura, Jai eta ospakizunen arloetako dirulaguntzen oinarriak eta deialdia otsaileko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zituen eta eskaerak aurkezteko epea apirilaren 2an amaituko da. Aste Santuaren ondorengo lehen egunak direnez, aurkezteko epea apirilaren 15era arte luzatzea onartu zuen atzoko batzarrak.
