Albisteak

Atzealdea 120.000 euro zure esku: “Kiroldegia handitzen hasteko” proposamena izan da bozkatuena aurrekontu partehartzaileen galdeketan

2
Guztira 493 herritarrek parte hartu dute galdeketan eta “Kiroldegia handitzen hasteko” proposamenak irabazi du, 209 botorekin.

2022·12·19


Abenduaren 12an hasi zen aurrekontu partehartzaileen azken fasea, galdeketa. 21 proposamen zeuden eta herritar bakoitzak gehienez 4 aukeratu behar zituen.

493 astigartarrek parte hartu dute galdeketan. Boto gehien jaso dituen proposamena “ Kiroldegia handitzen hasteko” proposamena izan da; 209 boto lortu ditu, hau da, botoen %11,4a. Bigarren proposamen bozkatuena “Eskolako jolastokia birmoldatzea” izan da 188 botorekin; eta hirugarrena, “Ludoteka zerbitzua martxan jartzeko” proposamena 186 botorekin.

Beraz, 120.000 euroak kiroldegia berritzen eta handitzen hasteko erabiliko dira.

Ikusi hemen galdeketaren inguruko datuak eta emaitzak

Kiroldegia berritzeko eta handitzeko obra-proiektua, egungo egoera

2021ean, Udalak Kiroldegia handitzeko aurretiazko azterlan bat egin zuen, herritarren balorazioak eta ekarpenak barne. Hori guztia kontuan hartu da kiroldegia berritzeko eta handitzeko behin betiko proposamena egiterakoan.

Gaur egun, obra-proiektua idazteko fasean dago. Udalak urriaren 19an esleitu zion idazketa XLark enpresari, 155.400 euroan (Beza kanpo). Kontratua azaroaren 15ean sinatu zen, eta 2023ko lehen hiruhilekoan oinarrizko proiektua idatzita egongo dela aurreikusten da.

Bideo honetan ikus daiteke XLarkek egindako proposamena

 

1 2