Albisteak

Atzealdea 100 egun udal gobernuan: zer egin dugu?

100 egun egin ditugu 2019ko ekainaren 15ean udal gobernua eskuratu genuenetik. Ondoren dituzu egindako lanak eta gure balorazioa.

2019·10·04


100 egun igaro dira ekainaren 15ean EH Bilduk udal gobernua eta alkatetza hartu zuenetik. Hiru hilabete eta erdi hauetan hainbat ekimen bideratu ditugu eta hainbat lan jarri ditugu martxan. Hona hemen egindako lanaren eta proiektu aipagarrienen laburpena eta udal gobernuaren balorazioa.

Hezkuntza

Hezkuntza arloan alkatetza hartu eta hiru astera udal gobernua hezkuntzako lurralde ordezkariarekin bildu zen. Bilera horretan, Herri Eskola handitzeko proiektua eta DBHko ikastetxearen gaia aztertu genituen. Ondoren, bileran hitz egindakoaren berri eman genien Hezkuntza Batzordeari, Herri Eskolako Zuzendaritzari eta Guraso Elkarteari eta DBH plataformari. Horrekin batera, Haur Eskola berria egiteko proiektua martxan jartzeko, Kiriketa Haur Eskolako hezitzaileekin bildu ginen, lehen planoak mahai gainean jarri eta ekarpenak jasotzeko. Gaur egun hauxe da egoera:

  • Herri Eskola: oraingo eraikina handitzeko aurreproiektua berraztertzen ari gara. Helburua da urtea amaitu aurretik nola handituko den behin betiko erabakita eduki eta proiektua idazten hastea.
  • DBH: Mendiaundi-Anibar orubeko sastraka garbitzen hasi gara, DBHko partzela garbitu, azterketa topografikoa egin eta aurreproiektua idazteko. Aurreproiektua urtea amaitu aurretik Hezkuntza Sailari aurkeztuko diogu.
  • Haur Eskola berria: proiektua idazten ari gara, bertako hezitzaileen ekarpenak kontuan hartuta. Urtea amaitu aurretik proiektua amaitu eta haurreskola eraikitzeko lehiaketa martxan jartzea da helburua. Aurreikusitakoaren arabera, Haur Eskola berria martxan egongo litzateke 2021eko irailean.

Auzoak

Hiru hilabete pasatxo hauetan, Astigarragako auzoetan lan eta hobekuntza hauek egin ditugu, besteak beste:

  • Anuska: Zonaldea berritzeko obraren lehen fasea amaituta dago; eta bigarren fasea aurrera eramateko, lorategia eta arrapala egiteko kontratuak esleitu dira. Urtea amaieran bukatuta egongo da.
  • Ergobia: Ergobiako bizilagunekin elkarlanean plaza ixteko helburuak adostu eta zenbait lan egin ondoren, abuztuaren 27an plaza ibilgailuentzat itxi zen. Emaitza ona izan da.
  • Santiagomendi: Egitear zeuden hiritartze lanak bertan behera uztea erabaki dugu, lan horietan elektrizitate-hornidurako eta komunikazioetako instalazioak lurperatzea aurreikusi gabe zegoelako. Ez zaigu egokia iruditzen denbora-tarte labur batean bi asfaltatze-lan egin behar izatea. Ondorioz, lan guztiak barne hartuko dituen proiektua lantzen ari gara eta lehiaketa berri bat prestatzen ari gara lan horiek esleitzeko.

Beste hainbat lan

Aipatutako proiektu hauez gain, beste hainbat lan ere egin ditugu hilabete hauetan, txikiagoak direnak, baina badutenak bere garrantzia. Beste askoren artean hauek daude: Batzordeak eratu genituen, eta ordezkaritza dugun udalaz gaindiko erakundeekin ere izan ditugu hartu-emanak eta lehen bilerak (Sagardun, Añarbe, Eudel, San Marko, Beterri Buruntza, Astigarraga Lantzen, Behemendi...).

Udalaren egoera eta hainbat proiekturen egoera sakon aztertu eta martxan zeuden lanak berrikusi ditugu. Hainbat aurreproiektu eta lanketa eskatu ditugu, horien emaitzak hurrengo bizpahiru hilabeteetan ikusiko ditugu. Egoera ekonomikoari dagokionez, aurrekontuaren exekuzio maila sakon aztertu dugu; orohar 2018ko eta 209ko ekainera bitarteko exekuzio maila oso baxua izan da; gai batzuk berrikusi ditugu, eta kreditu aldaketak egitea tokatu zaigu. Aurreikusita ez zegoen gasturik ere izan dugu, eta horri aurre egiteko kreditu gehigarriak ere onartu ditugu.

Pertsonal kontuetan ere izan dugu zereginik. Udaleko bi langile plaza jabetzan hornitzeko prozesuak martxan jarri ditugu, gizarte langilearena eta udaltzaingoaren agente lehenarena. Bestetik, kontratuen epea luzatu diegu zenbait enpresei (kale garbiketa, lorezaintza...) eta, beste zerbitzu batzuen kasuan, bigarrenez egin behar izan dugu lehiaketa (Herri Eskolako atezaintza, Anuskako lorategia). Ohiko mantentze eta hobekuntza lanak egin ditugu herrian, bai kaleko lanak zenbait guneetan (kale altzariak berritu, argiztapena hobetu, bide publikoak margotu...) eta eraikin publikoetan (kiroldegian, udaletxean, herri eskolan...).

Santio jaien egitarauan ere erabaki asko hartu behar izan genituen, ekitaldi ugari itxi gabe zeuden, eta izan genuen denbora-tarte murritza kontuan izanda, ahalegin handia egin behar izan genuen. Bestelako festak ere antolatu ditugu; Astiko elkartearekin merkataritza txikia bultzatzeko “Guztion Astigarraga” ekimena eta Sagardun partzuergoarekin XIX. Sagar Uzta.

Datozen asteetan esku artean gai hauek ditugu:

  • 2020ko aurrekontua: parte hartze prozesua, urriaren 7tik 17ra, alderdi, eragile eta herritarrek ekarpenak eta proposamenak egiteko.
  • Emakumeen plaza: plaza hiritartu eta berritzeko proiektua idatzitako dago. Datozen asteotan lanak egiteko lehiaketa jarriko dugu martxan.
  • Kiroldegiko aireztatzea osorik berrituko da.
  • Ibai parkea urrian irekiko dugu (seinaletika eta uholde egoeretarako neurriak amaitzen ari gara une honetan). Andre Gobadarien omenezko eskultura eta inaugurazioa azaroan egingo dira.
  • Arrobitxuloko igogailua eraikitzeko kontratuaren lehiaketa martxan jarriko dugu (proiektua amaitzear dago).
  • Brigadarentzako lokala erosteko espedientea bideratuko da urrian zehar. Brigadaren lokala kiroldegitik ateratzea funtsezkoa da, brigadak lokal egoki bat izateko eta kiroldegiarentzat espazioa irabazteko.
  • Gazteen I. Plana diseinatu da, herriko gazteekin elkarlanean. Laster onartu eta martxan jarriko dugu.
  • Berdintasuneko III. Plana udazkenean zehar diseinatuko dugu herritarrekin elkarlanean, urriaren 2tik aurrera.
  • Kultur Etxe berriaren obra ikusteko bisitak egin ziren udaran herriko eragile, udaletxeko langile eta zinegotziekin. Udalak Kultur Etxe berriko BEZari aurre egin beharko dio. Diru hori (1.200.000,00 euro) ez zegoen aurrekontuan aurreikusita eta, beraz, irailaren 24ko Osoko Bilkurak kreditu aldaketa egin behar izan dugu; horrekin batera, beste 850.000,00 euro jarri behar izan dira barrualdea hornitzeko. Hornidurak kontratatzeko lehiaketak udazken honetan egingo dira.
  • Legegintzaldiko plana, inbertsioen plana eta dirulaguntzen plan estrategikoa landu eta onartuko ditugu urtea amaitu aurretik.

Balorazioa

Udal gobernuko kideon balorazioa ona da. Iruditzen zaigu egoeraz jabetu garela eta orain arte lan egin dugun moduan jarraituz badugu gaitasuna eskuartean ditugun lanen emaitza onak jasotzeko datozen hilabeteotan. Plangintzari dagokionez, aurrekontuak eta ordenantza fiskalak onartzeko lanak bide onean doaz eta garaiz ari gara egiten.