Albisteak

“Txiokaria” udal aldizkariaren bigarren zenbakia eskuragarri

1
Datozen egunetan egingo da aldizkariaren banaketa eta herritar orok bere postontzian izango du eskuragai paperezko bertsioa.

2022·01·31


Bueltan da 4 hilabeteren ostean “Txiokaria”, Astigarragako Udal aldizkaria. Lehen alea urrian aurkeztu zen, herritarrak udal ekintzez informaturik mantentzeko helburuarekin eta 3.500 ale banatu ziren guztira.

Astigartar guztiei dago zuzendua eta, horrexegatik, herritar orok bere postontzian izango du eskuragarri laster. Horrez gain, udal eraikinetan ere eskura egongo da, baita online ere.

Bigarren zenbaki honetan ondorengo edukiak landu dira: Astiko Elkartearen nondik norakoak, Josune de Vicente Chivite liburuzainaren erretiroa, Plax! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua, herriko obrak, Udal aurrekontua...etab.

Sorreraren arrazoia

Astigartarren parte-hartzean oinarritutako udalgintza eta herrigintzan sinisten du udalak, eta parte hartzeko lehendabizi informazioa eduki behar da. Webgunea eta sare sozialen bidez egunero ematen da udalak egiten dituen ekintzen berri. Alabaina, informazio digitalaren emaria izugarri handia da eta argitaratu ahala zaharkituta geratzen dira sare sozialetako txio eta post asko. Gainera, ezin da ahaztu badaudela informazio digitala iristen ez zaien herritarrak, hutsune bat dago hor, eta hori osatzera ere dator "Txiokaria".

1