“Sahara, 40 urteko exilioa” erakusketa eta “Haizearen egia” dokumentala Erriberan
2021·01·26
“Sahara, 40 urteko exilioa”
Andoni Lubakiren eskutik, Euskal Fondoaren kide diren udalen esku dagoen erakusketa ibiltaria da. Azken 6 urteotan saharar errefuxiatu eremuetan eta Mendebaldeko Saharan egindako zuri-beltzeko 40 argazkiz osatzen da.
Saharar herritarren bizimodua azaltzen dute, kanpameduetara egiten diren bidaietan ikusten denaren haratago.
Urtarrilaren 26tik otsailaren 12ra astelehenetik ostiralera 9:00-13:00 eta 16:00-20:00 egongo da ikusgai Erribera kulturgunean.
“Haizearen egia” film laburra eta mahai ingurua
Film labur hau urtarrilaren 26tik 29ra, egunero 20:00etan proiektatuko da Erribera Kulturgunean. Urtarrilaren 29an proiekzioa amaitutakoan gaian sakontzeko mahai inguru bat egingo da. Solasaldian, filmaren ekoizpen taldeko ordezkariak eta Saharar komunitateko kideek hartuko dute parte. Filmaketaren nondik-norakoak eta aurkitutako oztopoak azalduko dituzte eta Saharan bizi den egoeraren berri emango dute.
Film labur honek 22 minutuko iraupena du eta Tahar-en istorioa kontatzen du: Saharako 20 urteko mutil gaztea da, eta Euskal Herrian bizi da. Haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du. Dei bat jasoko du Taharrek handik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioa), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei eta kontraesanei. Lortuko al du garaiz bere bizitzako piezak dagokien lekuan jartzea? Garaiz lortuko ote dute elkar ulertzea? Eta elkarri barkamena eskatzea?
“Haizearen egia” Maluta Filmsek ekoiztu du, eta Zumaiako eta Zestoako udalen, Euskal Fondoaren, Darahli Elkartearen, Wadna Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.