Albisteak

Atzealdea “Orri zuriak betetzen” dokumentala aurkeztu dute gaur Astigarragan

1
Gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako hainbat biktimen testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Bi emanaldi egongo dira; apirilaren 21ean, 18:30ean eta maiatzaren 6an, 19:00etan.

2023·04·17


Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin beste urrats bat eman du Astigarragako Udalak.

Iraganean, Astigarragan, motibazio politikoak eragindako indarkeria egoera gordinak bizi izan dira eta guztiek ondorio bera izan dute, sufrimendu eta min sakona herritarren artean. Garaiak aldatuz joan dira urteak aurrera joan ahala – gerra zibila, diktadura, trantsizioa, demokrazia-, baina indarkeriazko gertakari guztiak ezaugarri berberak partekatu dituzte, giza eskubideen urraketa larriak.

Biktimen errekonozimenduan eta erreparazioan bidea egiten jarraitzeko, “Orri zuriak betetzen” dokumentala aurkeztu dute gaur Astigarragan. Dokumental horren bidez, gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako biktimak omendu, gogora ekarri eta errekonozitu nahi ditu Udalak, gertatu zenaren egia azaleratuz eta kontatuz.

“Orri zuriak betetzen” dokumentalaren abiapuntua Maddalen Laburu historialariak burututako gerra zibila eta frankismo garaiko (1936tik 1945era) Astigarrako biktimei buruzko ikerketa-lana da. Ikerketa-lan horretan 1936tik 1945erako epealdiko biktima astigartarren zerrenda osatu zuen. Ikerketa hori Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko 2017ko beka-deialdiaren markoan bideratu zen, “Memoria historikoaren ikerketa eta berreskuratze beka. 1936ko Estatu Kolpea, Gerra Zibila eta frankismoa Astigarragan” izenekoaren baitan. Maddalen Laburuk aktiboki hartu du parte dokumentalaren ekoizpenean; berak eraman du dokumentalaren haria eta elkarrizketatzaile- eta aurkezle-lanetan aritu da.

Dokumentala Eneritz Aulestia eta Unai Alberdik zuzendu dute eta Badator estudioa arduratu da errealizazioaz, edukia irudiekin jantziz. Orri zuriak bete nahi izan dira eta, horretarako, biktima izan ziren astigartarrei eman zaie hitza; garai batean, beldurraren ondorioz zeharka idatzita edota idatzi gabe gelditu ziren orri zuriak modu batera edo bestera idazteko asmoz. Horretarako, biktima horietako batzuen senitartekoak elkarrizketatu dira eta horietaz gain, historian adituak diren herritarren parte-hartzea ere badu dokumentalak.

Dokumentalak iragan hurbilaren ikuspegi kritiko bat erakusten du eta ekarpen baliagarria da gertatutakoa ez ahazteko, onartzeko, horri buruz hausnartzeko eta aurrerantzean errepikatuko ez dela erabakitzeko. Xabier Urdangarin alkateak aipatu duenez, zauri asko sendatu gabe daude eta egin beharreko bidea luzea den arren, ezin dugu ezikusiarena egin; bereziki garrantzitsua da, belaunaldi berriek, gertatu dena ezagutzea protagonisten eskutik eta gertatutakoaz ikastea, gertatutako horren memoria partekatu bat eraikitzeko eta bizikidetza berreraikitzeko. Ezin dugu ahaztu irekita jarraitzen duen prozesu baten parte dela hau. Badaude oraindik ezagutzen ez ditugun gertakariak, hitza hartu ez duten biktimak. Gai honi buruz hitz egiten jarraitzea ezinbestekoa da, etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak sendotzeko.

Errekonozimendua eta erreparazioa

Dokumentalaz gain, alkateak gogorarazi du Astigarragako udalak, azken urteotan, hainbat urrats eman dituela biktimen errekonozimenduan eta erreparazioaren bidean.

Batetik, 2021eko apirilaren 27an, ohiko osoko bilkuran, aho batez, Udalak bi kereila kriminal jartzea onartu zuen Astigarragan diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker daitezen, zein baldintzatan egin ziren zehaztuz, erantzule zuzenak eta zeharkakoak nortzuk izan ziren argituz, eta, kasuan kasu, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuz. Keirela kriminal horiek Donostiako epaitegian eta Argentinako Buenos Aireseko Epaitegi Nazionaleko 1. aretoan 4591/10 auziaren barnean jartzea erabaki zen.

Bestetik, 2022an Astigarragako Udalak frankismoaren biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa ireki zuen (otsailaren 1etik apirilaren 8ra), frankismoaren biktimek jasotako indarkeria eta edozein motatako krimenak biltzeko (fusilamenduak, desagerrarazteak, langile batailoiak, isunak, konfiskazioak, erbesteratzeak, eta abar.).

Beraz, “Orri zuriak betetzen” dokumentala Astigarragako Udalak biktimei dagokien aitortza emateko eta memoria historikoa berreskuratzeko bidean eginiko urrats bat gehiago da.

Bi emanaldi

Ikus-entzunezkoak ordubete eta 25 minutuko iraupena du eta euskaraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Dokumentalaren bi emanaldi egongo dira eta biak Erriberako antzokian izango dira. Lehen emanaldia apirilaren 21ean, 18:30ean izango da. Emanaldian, Erriberako antzokian bertan, solasaldi laburra izango da eta han izango dira: Josu Ibargutxi, Goldatu Frankismo garaian atxilotu eta hildakoen senideen elkarteko bozeramailea, Maddalen Laburu ikerketa-lanaren egilea eta Eneritz Aulestia eta Unai Alberdi, ikus-entzunezkoaren zuzendariak. Bigarren emanaldia maiatzaren 6an, 19:00etan izango da. Bi emanaldiak doan izango dira.

Hona hemen dokumentalaren trailerra: 

1