Albisteak
Atzealdea “Orbanen egia” dokumentala aurkeztu zen atzo Astigarragan
2024·12·04
Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin beste urrats bat eman du Astigarragako Udalak.
Iraganean, Astigarragan, motibazio politikoak eragindako indarkeria egoera gordinak bizi izan dira eta guztiek ondorio bera izan dute, sufrimendu eta min sakona herritarren artean. Garaiak aldatuz joan dira urteak aurrera joan ahala – gerra zibila, diktadura, trantsizioa, demokrazia-, baina indarkeriazko gertakari guztiak ezaugarri berberak partekatu dituzte, giza eskubideen urraketa larriak.
Justizia, erreparazioa eta egiarako eskubidea oinarri hartuta, iaz Astigarragako Udalak “Orri zuriak betetzen” dokumentala aurkeztu zuen, bertan Gerra Zibilaren biktimei egiten zitzaien aitortza eta aurten, trantsizio garaian 70eko eta 80ko hamarkadan hil zituzten astigartarrei buruzko dokumentala aurkeztu du: “Orbanen egia”.
Ikus-entzunezkoak Joseba Barandiaran Urkola (1979ko uztailaren 11an eraila), Tomas Alba Irazusta (1979ko irailaren 28an eraila), Bixente Perurena Telletxea (1984ko otsailaren 8an eraila) eta Agustin Irazustabarrena Urruzola “Legra” (1985eko irailaren 25ean eraila) astigartarren hilketak azalaratzen ditu; egiarako bidean, biktimen familiartekoei hitza emanez. Horietaz gain, gaian adituek direnen parte hartzea ere badu dokumentalak: Javi Buces Cabello (Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta historialaria), Sabino Cuadra Lasarte (San Fermines-78 gogoan! taldeko kidea) eta Pilar Garaialde (Egiari Zor elkarteko kidea).
Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailak diruz lagundu du ikus-entzunezkoaren ekoizpena.
Bi emanaldi
Unai Alberdi Olaziregi eta Eneritz Aulestia Mutiozabalen zuzendaritzapean, ikus-entzunezkoak ordubete eta 10 minutuko iraupena du eta euskaraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Dokumentalaren bi emanaldi egongo dira eta biak Erriberako antzokian izango dira. Lehen emanaldia abenduaren 13an izango da eta bigarren emanaldia abenduaren 15ean izango da, biak 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena behar da. Erribera kulturgunean edo udalaren webgunean eskuratu daitezke.
Dagoeneko ikusgai dago dokumentalaren trailerra: