Albisteak
Atzealdea “Nire aukera, Beterri-Buruntza, nire aukera Astigarraga”
2019·09·19
Ekimenaren aurkezpena
Datorren ostiralean, irailaren 20an hainbat ekintza egingo dira Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Astigarragan merkataritza txikia sustatzeko.
Ekimena antolatu dute herri horietako merkatarien eta ostalarien elkarteek (Andoaingo Salkin Elkartea, Astigarragako Astiko, Hernaniko Berriak, Lasarte-Oriako Aterpea eta Usurbilgo Hurbilago), eskualdeko Merkataritza Bulegoaren eta udalen laguntza eta babesarekin.
Ekimen honen berri emateko aurkezpena egin dute Astigarragan, irailaren 17an. Bertan, elkarteen ordezkari gisa, Mertxe Jimenez Hernaniko Berriak elkarteko ordezkariak adierazi du horrelako ekimenak beharrezkoak direla merkataritza txikiaren papera indartzeko, merkataritza txikia herri-bizitzarako oso garrantzitsua delako. Horrekin batera, Marta Zulaika eskualdeko Merkataritza Bulegoko ordezkariak ekimen honen jatorria, helburuak eta herriz herri egingo diren ekintzak azaldu ditu. Eskualdeko udalen izenean, Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek udalen babesa azpimarratu eta adierazi du denoi dagokigula herri bizitza sustatzea eta horretarako merkataritxa txikia ezinbesteko eragilea dela.
Nire aukera Astigarraga
Irailaren 20an Astigarragan, Astiko elkarteak antolatuta txu-txu trena ibiliko da 17:00etatik 20:00etara.Pelotari kaleko autobus geltokitik irten eta Astigarragako merkataritza eta ostalaritza gunean barrena ibiliko da.
Ekintza hau haur eta familiei zuzendua dagoen arren, edonorentzat irekia egongo da.
Txu-txu trenaren ibilbidea animazioarekin egingo da. Astigarragako bi gaztek hartuko dute parte animazioan. Bata geltokian bertan egongo da; eta bestea, tren barruan. Leloa duten piruletak banatuko dituzte, eta komertzioetatik pasatzean horien datuak zein istorio deigarriak kontatuko dituzte.
Iaz erakusleiho beltzen kanpaina egin zen; aurten, aldiz, festa giroa nagusituko da. Komertzioak apainduko dira, komertziariek txapa handi batzuk soinean eramango dituzte eta bezeroei pegatinak banatuko dizkiete.