Albisteak
Atzealdea “Haien begientzako musika” kontzertu solidarioa eskainiko da maiatzaren 5ean, 19:00etan, Erribera kulturgunean
2023·04·28
Munduko Begiak Fundazioarentzat ezinbestekoa da ingurune behartsuetan saihestu daitekeen itsutasunaren errealitatea ezagutarazteko sentsibilizazio-lana egitea. Horrela, ezagutzatik abiatuta, begi-osasunerako eskubide unibertsalaren aldeko konpromiso aktiboa sustatu ahal izateko. Hori dela eta, Fundazioak ikusarazteko jarduera ugari egiten ditu, eta horien artean dago ia 7 urteko ibilbidea duen “haien begientzako musika” sentsibilizazio- ekimena. Kontzertu solidarioen bidez, kalitatezko musika-emanaldia eskaintzeaz gain, itsutasunari nola aurre egin azaltzen dute eta publikoa egoeraz jabetu dadin saiatzen dira.
Jarduera horiek, normalean, Fundazioarekin nolabaiteko lotura duten inguruneetan egiten dira. Hori da Astigarragako udalerriaren kasua; izan ere, Udalak sei urte jarraian baitaramatza Munduko Begiak-ek duen kausarekin konprometituta eta diruz laguntzen. Beraz, kasu honetan beren esker ona adierazi nahi izan dute eskaintza kultural honen bitartez.
Kontzertua Eneko Dieguez quartet jazz taldeak emango du, Musikeneko goi mailako lau ikaslek osatua. Pianoan Raul Perez arituko da; baxuan Nico Alvear; baterian Eneko Arbea eta saxoan Eneko Dieguez.
Kontzertua doakoa izango da, baina Fundazioak borondatezko diru-bilketa egingo du. Dirua biltzea da kontzertu honen beste helburuetako bat, baina ez da nagusia. Ahalik eta pertsona gehien hurbiltzea nahi dute, baliabide ekonomikoak izan ala ez. Era berean, alde batetik, artisten lanaren balioa aitortu nahi dute eta, bestetik, ikusleen kontzientzia aktiboa sustatu nahi dute, beren gaitasunaren eta borondatearen arabera, saihestu daitekeen itsutasunaren aurkako borrokarekin konpromisoa har dezaten eskatuz.
Bildutako dirua Mozambiken duten proiekturako erabiliko da, material optikoa erosteko.
Munduko Begiak Fundazioa
Munduko Begiak 2001ean eratu zen irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta herrialde pobreetan ikusmen-urritasuna eta baliabide ekonomikorik ez duten pertsonek kalitatezko arreta oftalmologikoa jaso dezaten laguntzen du. Saharan (2001etik), Mozambiken (2002tik), Bolivian (2003tik) eta Malin (2008tik) ari dira lanean. Honako helburu eta jarduera-ildo hauek ditu:
- Tokiko profesional medikoen prestakuntza eta ezagutza teknikoa.
- Saihestu daitekeen itsutasunaren kausak prebenitzea.
- Osasun-zentroetan praktika medikoa egiteko beharrezkoak diren ekipo eta material suntsikorrak eskuratzea.
- Begi-patologiak dituzten pertsonen ikusmen-osasuna hobetzea.
- Ikusmen-osasuna kudeatzeko sistemak eta prozedurak hobetzen laguntzea.
- Iritzi publikoa sentsibilizatzea herrialde pobreenen egoera oftalmologiko prekarioaren inguruan.