Albisteak
Atzealdea “Gure herriko señorak” erakusketa ikusgai Astigarragako Emakumeon Etxean urriaren 30etik azaroaren 14ra
2025·10·23

Andrea Loinaz Maizcurrena eta Eider Ugarte Rodriguez astigartarrek “Astigarragako emakumeen ekarpenak eta bizitza-istorioak (1940-2000)” ikerketa gauzatu dute, Udaleko berdintasun sailak 2023an argitaratu zuen genero ikerketa-bekarekin, Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko, balioan jartzeko eta herritarren eskura jartzeko.
Emakume asko dira herriari hainbat alorretan ekarpena egin diotenak. Emakume horietako gutxi dira herrian ezagunak, ordea, eta erreferente falta nabaria da. Gabezia horretatik abiatuta, Astigarragako herriari arlo kultural, sozial, ekonomiko edo/eta politikoan ekarpena egin dioten 15 emakumetik gora identifikatu eta emakume horien bizipenak jaso ditu ikerketak.
Ikerketa horretan oinarrituta Miren eta Uxue Bereziartua Lonbide ahizpek “Gure herriko señorak” erakusketa sortu dute, iaz Hernanin aurkeztutako proiektuaren bidetik. Oraingoan, herriari ekarpena egin dioten hainbat emakume identifikatu dira erakusketan eta emakume horien bizipenak jasotzen dituen disziplina arteko lana osatu dute ilustrazioa, bideoa eta soinua uztartuz.
Erakusketa urriaren 30etik azaroaren 14ra ikusgai egongo da Astigarragako Emakumeon Etxean eta ordutegi honetan:
- Astelehen, astearte eta ostiraletan 9:00-15:00
- Ostegunetan 13:00-19:00
Aurkezpena, urriaren 28an
Erakusketaren inaugurazioa edo aurkezpena urriaren 28an, 18:30ean, Emakumeon Etxean izango da. Bertan izango dira bekadunak, ikerketa-lanean jasotako emakumeak eta erakusketaren sorkuntza-lana egin dutenak. Ez da izenik eman behar.
Informazio gehiago: berdintasuna@astigarraga.eus; tel. 943505701 – 638206586.
