Albisteak
Atzealdea

"Genero desberdinkeriaren eragina ingurune birtualetan” jardunaldiak urriaren 20an eta 21ean Erribera kulturgunean

2
Indarkeria sexistaren kontrako Matazak elkarteak antolatutako VI. Topaketa da

2023·10·06


Astigarragako Indarkeria sexistaren kontrako matazak elkarteak emakumeen aurkako indarkeria-mota anitzak bistaratzeko asmoz urtero pare bat eguneko jardunaldiak antolatu ohi ditu. Azken urteotan hainbat gai landu dituzte: lehen urtean sexu indarkeria eta justizia patriarkala; bigarrenean, prostituzioa eta pertsonen salerosketa ikuspegi abolizionista batetik; hirugarren urtean, indarkeria bikarioa; laugarrenean, neskatilek jasaten duten indarkeria eta bosgarren urtean, osasuna genero ikuspegitik landu zuten.

Aurten, seigarrengoz, ingurune birtualetan emakumeek jasaten duten indarkeria aztertuko dute eta horretarako hainbat aditu gonbidatu dituzte. Urriaren 20an, 18:30etik 20:30era, Marta Macho-Stadler matematikaria eta dibulgatzaile zientifikoak “Emakumeak informatikan: genealogiatik arrakaletara” izenburua duen hitzaldia emango du. Urriaren 21ean, goiz osoan zehar (9:00etatik 15:00etara), honako lau hitzaldiak izango dira:

  1. “Ziberfeminismoa, genero indarkeriaren aurkako laguntza sarea” (Nuria Varela, kazetaria eta idazlea)
  2. “Nanosfera: aktibista feministen aurkako indarkeria sare sozialetan eta zibersegurtasuna” (Carolina González Aguirrezabal, psikologoa)
  3. “Emakumeen aurkako indarkeriak sare sozialetan eta ligatzeko aplikazioetan” (Laura Mañas Acero, doktoregaia Genero eta Berdintasunerako Politika Publikoen Diziplinarteko ikasketetan)
  4. “Indarkeria algoritmikoak eta adimen artifiziala: aukerak eta desafioak indarkeria matxisten aurkako borrokan” (María López Belloso, GEARING ROLES H2020 proiektuaren ikertzaile elkartua)

Aurkezle-lanetan Garbiñe San Miguel eta Jésicca Murillo Ávila kazetariak arituko dira. Jardunaldiaren amaieran Matazetako V. Sari Feminista banatuko da. Landutako gaiei buruzko liburuak eta Nobel Run jokoa ere zozketatuko dira.

Hitzaldiak gaztelaniaz izango diren arren, urriaren 21eko lau hitzaldietan aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniatik euskarara. Jardunaldiak presentzialki Erriberan edo online, streaming-ean, jarraitu ahalko dira.

Izena eman

Jardunaldietan parte hartzea doakoa da baina izen-ematea derrigorrezkoa da. Izena emateko idatzi encuentrofeministamadejas@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da, nork bere izen-abizenak eta jardunaldira bertaratuko ote den edo online jarraitzea nahiago duen adieraziz.

 

1 2