Albisteak
2020·11·24
Erakusketak Siriako kurduen garbiketa etnikoa erakusten du. 2018ko urtarrilean, Ankarak Afrin kurdu eskualdea hartu zuen mendean, aire-indar eta jihadistez osatutako erasoaldi batez. “Olibo Adarra” deitu zioten orduan. Ofentsibak 300.000 lagun kanporatu zituen beren etxeetatik. Ondoren, Turkiak beste erasoaldi bat burutu zuen Siriako iparraldean. Bake-iturria izeneko operazioak airetik bidali zituen dronak eta jaurtigailuak, eta lurretik jihadista andana.
Euskal Fondoak aurrera eraman duen proiektu honetan Andoni Lubaki argazkilariaren argazki aurki ditzakegu eta Karlos Zurutuza kazetariak zuzendutako dokumentala ere proiektatuko da. Dokumental eta argazki bilduma bat ekoizteko asmoz hiru aste eman zituzten Siriako iparraldean, turkiar erasoaldiak zibilengan izandako eragina bertatik bertara aztertzen.
Argazki erakusketa
Siriako kurduek pairatzen duten zigorra islatzen duen argazkiren bilduma da: gerra-frontea, mamu herriak, errefuxiatu eremuak, iheslariez jositako eskolak, hiletak… bilduma hau oso errealitate konplexua helearazteko tresna bikaina da.
Dokumentala
Fatma 22 urteko neska unibertsitarioaren istorioa kontatzen du. Afringoa da, baina etxetik kanpo bizi da Turkiak 2018an bere herria suntsitu eta okupatu zuenetik. Bere bizitza berrabiarazten ari zela, Ankarak beste eraso bat bideratu du Fatma orain bizi den eskualdean. Kurdu gazteak pinturan bilatu du ihesbidea.
Dokumentalak 10 minutuko iraupena du eta astelehen, astearte eta asteazkenetan egongo da ikusgai 16:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan, euskaraz eta gaztelaniaz.