Albisteak
Atzealdea “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa egongo da ikusgai Erribera kulturgunean, Gaztelekuan eta Emakumeon Etxean
2024·02·01
Astigarragako Udalak eta Elhuyarrek “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa antolatu dute emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Otsailaren 1etik 5era hiru tokitan egongo da ikusgai erakusketa: Erriberako kulturguneko sarreran, Gaztelekuan eta Emakumeon Etxean. Honela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Testuinguru horretan, erakusketa honek zientzia eta teknologiaren munduko emakume erreferente errealak (oraingoak eta iraganekoak, jakintza-arlo ezberdinetakoak, arrazializatuak, hasiberriak diren emakume gazteak eta bide profesional luze eta oparoak egindakoak…) hurbildu nahi dizkio euskal gizarteari eta, modu berezian, haur eta gazteei. Guztira 12 emakume zientzialari bildu dira, Izaskun Alberdi Landaluzeren ilustrazioekin.
Erakusketa honek Elhuyarren “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean du jatorria. Duela lau urte sortu zuen Elhuyarrek, Bizilaberen barnean; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Duela lau urtetik hona Euskal Herriko ehunka saltokik apaindu dituzte euren erakusleihoak emakume zientzialari baten omenez.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko. Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Hamabi emakumezko zientzialari omenduak
Aurtengo edizioan “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:
- Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa
- Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria
- Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa
- Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea
- Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista
- Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea
- Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa
- Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
- Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
- Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
- Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
- Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.