Albisteak
Atzealdea “Emakumeak eta Kirola” ekimena abian da
2024·09·06

Laugarrenez, Astigarragako Udalak “Emakumeak eta Kirola” kanpaina jarri du martxan. Aurreko urteetan, irailean antolatu izan bada ere, aurten irailetik azarora bitartean egingo da. Kanpainaren helburu nagusia emakumeen kirola sustatzea da, genero horretako kirolari eta kirolariei ikusgarritasuna ematea.
Astigarragako Udalak herriko eragile batzuekin sustatzen duen kanpaina honetan hainbat jarduera-mota eskainiko dira: emakumeentzako kirol jarduerak, solasaldiak, tailerrak, ikastaroak, emakumezkoen kirol txapelketak eta jaialdiak.
Ekimen honen antolaketan parte hartu duten eragileak hauek dira: Mundarro elkartea, Astigarragako kiroldegia, Astigarragako xake kluba, Gaztelekua, Emakumeon Etxea eta Galtzaur elkartea.
Ekimenaren baitan eskainiko diren jarduerak, bi izan ezik, doakoak izango dira.
Lehenengo jarduera irailaren 5ean izango da, adineko emakumezkoei zuzendutako gimnasia, eta azken jarduera, azaroaren 16an izango da, Patri Espinarrek gidatutako emakumeen ahalduntzerako mendi orientazio ikastaroa.
Bien bitartean, publiko ezberdinari zuzendutako jarduerak burutuko dira:
- Herritar orori zuzendutakoak: nesken pilota jaialdia; Urumea bailarako nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa; 3. mailako emakumezkoen futbola, ligako 2. jardunaldia eta amatasuna eta ariketa fisikoa uztartzeari buruzko mahai ingurua, herriko amekin.
- Edozein neraberi zuzendutakoak: Emakume esgrimalarien bisita Gaztelekuan.
- Soilik emakumeei zuzendutakoak: Adinekoentzako gimnasia (izen-ematea kiroldegian irailaren 4ra arte); menopausia garaian kirolaren onurak eta mugak hitzaldia Sara Majarenas Ibarretarekin (Emakumeon Etxean); piragua irteera Olatz Alkorta Agirregabiriarekin (izen-ematea kiroldegian irailaren 12ra arte); pala ikastaroa Irati Saralegi Fernandezekin (izen- ematea kiroldegian irailaren 12tik 19ra bitartean); judoaren oinarrizko ezagupenen tailerra (izen- ematea kiroldegian irailaren 12tik 23ra bitartean), xake ikastaroa hastapenak Araceli Lozano Miguelezekin (izen-ematea online formulario bidez irailaren 25era arte); Funcional- Hybrid Training saioa (izen- ematea kiroldegian urriaren 3ra arte); Patri Espinar Labianek gidatutako bi ikastaro, eskalada eta mendi orientazioari buruzkoak (ez dira doakoak, bien izen- ematea Emakumeon Etxean).
Amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzeari buruzko mahai- ingurua, urriaren 3an
Nabarmendu beharreko jardueren artean urriaren 3an egingo den amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzeari buruzko mahai- ingurua dugu. Solasaldia 18:00etan izango da, Emakumeon Etxean. Bertan, herriko ama batzuek parte hartuko dute eta moderatzaile lanetan Sara Majarenas Ibarreta arituko da. Emakume kirolariek edota kirola egiten dutenek beraien amatasunean izaten dituzten zailtasunez, eragozpenez eta bizipenez arituko dira.
