“Emakumeak eta Kirola” ekimena irailean zehar
2022·09·07
Egitasmoaren helburu nagusia emakumeen kirola sustatzea da, kirola eta kirolariei ikusgarritasuna emanez.
Astigarragako Udalak herriko hainbat eragilerekin sustatzen duen kanpaina honetan, hainbat jarduera mota eskainiko dira: dokumentalen proiekzioak, hitzaldiak, emakumeei zuzendutako kirol-jarduerak, ikastaroak, emakumeen kirol-txapelketak...
Ekimen honen antolaketan parte hartu duten eragileak hauek dira: Mundarro Elkartea, Galtzaur erretiratuen elkartea, Gaztelekua, Astigarragako kiroldegia, Emakumeon Etxea eta Herri Eskola.
Jarduerak
Kanpainako lehen jarduera irailaren 8an hasiko da, adineko emakumezkoei bideratutako orientazio jarduera batekin, eta urriaren 2an amaituko da, 80-90eko hamarkaden artean “Motelak” Astigarragako txirrindularitza elkartean aktibo aritu zen emakumezko txirrindulari taldeari buruzko dokumentalaren emanaldiarekin.
Bi jarduera horien artean beste hainbat burutuko dira, hala nola:
- Kirol ekintzak: skate ikastaroa, aquafit ikastaroa (helduentzat eta nerabeentzat), eskualdeko nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa, piraguan paseoa Olatz Alkortarekin, pala txapelketa eta pilota jaialdia.
- Hitzaldiak: Bi hitzaldi antolatu dira; bata, Leire Olaberriarena, amatasunari eta kirolari buruzkoa, eta bestea, Oiana Blancoren eta Olatz Alkortaren hitzaldi-solasaldia, nerabeekin.
- Dokumentalak: “Motelak” taldeari buruzko dokumentalaz gain, “Hijas de Cynisca (El deporte femenino habla por la igualdad)” dokumentala ere eskainiko da.
Bestalde, saio irekiak ez diren arren, irailean zehar entrenamendu saioak egingo dira Mundarroko nesken taldeetako jokalariekin batera, Herri Eskolako gorputz heziketako orduetan.
Jarduera batzuk emakumeei bakarrik zuzenduta egongo dira.
Zaintza zerbitzua
Jarduera horietakoa batzuetan adingabeak zaintzeko zerbitzua eskainiko da. Zerbitzua behar izanez gero, Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da jarduera baino gutxienez bi egun lehenago: berdintasuna@astigarraga.eus/ 943505701
Ikusi egitarau osoa
Informazio gehiago berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 943505701/ 638206586 telefonoetara deituta.