Albisteak
Atzealdea “Elkar Zainduz” prozesua abiatu du Udalak
2025·09·18

Zaintzaren gaia denoi dagokigun gaia da, izan ere, denok izan gara zainduak bizitzan zehar eta denok izango gara zaintzaile bizitzaren une batean. Azken urteotan gizartea zaintzaren krisi sakon batean murgilduta dago. Herritarrok ditugun zaintza-beharrei erantzuteko ezintasuna nabaria da. Eta horrekin batera, emakumezkoengan erortzen dira zaintza arduren gehiengoa. Astigarragako kasuan gainera, biztanleriaren zahartze gero eta handiagoari jaiotza-tasa altua gehitu behar zaio. Horren ondorioz, zaintza-eredu berri baten inguruan herri gisa hausnartu eta elkarrekin zaintzaren eraldaketarako prozesu bat abiatzea ezinbestekoa da.
Abiatu berri den prozesu honekin bi helburu bilatzen dira; batetik, zaintzaren inguruan hausnarketa eragitea; eta bestetik, herrian zaintza-sare bat eratzea, zaintza premiei modu integralean erantzuteko.
Pertsonen bizi kalitatea hobetzeaz gain, arlo komunitarioa indartzea da asmoa, zaintzak erantzukizun partekatua izan behar duela agerian utzita.
Prozesu honetan arreta berezia bi populazio-segmentuetan jarriko da: adin txikikoak eta helduak/ adineko pertsonak.
“Elkar zainduz” prozesuak zaintzaren inguruan zeresana duten herritarrak, eragile sozialak, erakunde publikoak eta entitateak artikulatu nahi ditu, eta horretarako hainbat espazio sortuko dira.
Herrian zaintzaren inguruan dagoen egoera, berezitasunak eta beharrak hobeto ezagutzeko asmoz diagnostiko bat eratzeko datuak bildu dira, eta ondoren herritarren ekarpenekin osatuko da; eta zaintza-mahai bat artikulatu da, herriko hainbat ordezkarik osatzen dutena.
Baina, herritarren hitza ezinbestekoa da Astigarragaren argazkia osatzeko, eta horretarako herritarrek parte-hartzeko aukera ezberdinak izango dituzte.
Nola egin dezaket nire ekarpena gai honetan?
- Galdetegia: Galdetegi bat egongo da herritar guztien eskura, honako puntu fisiko hauetan: udaletxean, kiroldegian, Erribera kulturgunean, kultur etxe zaharrean, Emakumeon etxean eta Galtzaur elkartean eta online ere bete ahal izango da, etxeetara iritsiko den eskuorrian dagoen QR baten bidez eta udal webgunearen bidez. Galdetegiaren bitartez herritarrek zaintzaren inguruan dituzten iritzi, bizipen eta beharrak jaso nahi dira.
- Topaketak: Hainbat topaketa ireki egingo dira, guztiak 17:30ean, Erribera kulturgunean.
- Azaroak 27, elkar entzun: Lehen topaketa honetan abiapuntu komun bat ezarri eta herri mailako beharrak, elkarlan-aukerak, ahuleziak eta indarguneak indentifikatzeko balioko du, diagnostikoa osatuz.
- Otsailak 5, elkar ekin: Hausnarketa amaituta, inguruko esperientzia eta praktika onetan jarriko da arreta, horretarako, esperientzia inspiratzaileak ezagutuz.
- Martxoak 26, elkar banatu: Ekintza-plan bat eta zaintza-sarea eratzeko lehen pausuak emango dira.
Topaketetarako haur zaintza zerbitzua eskainiko da topaketa baino astebete lehenago eskatuta (berdintasuna@astigarraga.eus) / 638 206 586.
Foru Aldundiak eta Emakundek diruz lagundu dute prozesua.

