Albisteak

Atzealdea "Bidaia bat baino gehiago", haur errefuxatu sahararrak harreran hartzeko kanpaina

Otsailaren 11n, 12:00etan, Donostiako Udaleko prentsa-aretoan, Oporrak Bakean programaren “bidaia bat baino gehiago” kanpaina aurkeztuko da. Horren bitartez, euskal biztanleak haur errefuxiatu sahararrak udan harreran hartzera animatu nahi dira.

2020·02·10


Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela. 2019ko udan 289 neska eta mutil saharar etorri ziren Euskadira, eta, aurten, beste horren beste etortzea nahi da. Horretarako, gutxienez, 100 familia gehiago beharko dira, eta Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udaletxeek euskal gizartea kontzientziatu eta egiten duten lana ezagutarazteko helburu duen kanpaina berri hau abiarazi dute.

Zer da Oporrak Bakean?

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du.

Gurean egiten dituzten egonaldi horien helburu dira: umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea da (gerizpean 55ºtara heltzen diren tenperaturak), hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea, azterketa medikuak egitea eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzea.

Zein baldintza bete behar dira programan parte hartzeko?

Edozein motako familia izan daiteke harrera familia: pertsona bakanak, elkarbizitza unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak. Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoak izatea da, haurrari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea.

Oporrak Bakean 2020 Kanpaina

“Bidaia bat baino gehiago” izango da aurtengo kanpainaren leloa. Esaldi horrek oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen esperientzia, eta baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere.

Programaren informazio guztia oporrakbakean.eus webgunean jasota dago. Kanpainaren material guztiak hemen ikus daitezke (bideoak, audioak, kartelak, eskuorriak…).

Haur saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek webgunean dute informazioa, edo lurralde bakoitzaren arduradunarekin harremanetan jarri: 696014786 / oporrakbakean@gmail.com