Albisteak

Atzealdea "Astigartar nortasunarekin bat egiten lagundu dezake dokumentalak"

Maiatzaren 6an “Orri zuriak betetzen” dokumentala bigarren aldiz proiektatuko da, 19:00etan, Erribera kulturgunean. Dokumentalaren abiapuntua Maddalen Laburu historialariak burututako gerra zibila eta frankismo garaiko (1936tik 1945era) Astigarrako biktimei buruzko ikerketa-lana da.

2023·05·04


Dokumentala Maddalen Laburu historialariak burututako ikerketa-lanean oinarritzen da. Maddalenen hitzak jaso nahi izan ditugu, egindako lanaren eta dokumentalaren inguruan:

1. Dokumentalaren abiapuntua izan da zuk burutu zenuen ikerketa-lana. Nola hartu zenuen zure ikerketan oinarrituta dokumentala egiteko asmoa zegoela jakin zenuenean? Zer sentitu zenuen? Ilusio handiz hartu nuen berria. 2017ko beka deialdia sei hilabetetakoa zen, baina ezinezkoa zen dimentsio honetako lan bat epe horretan amaitzea, inoiz buka baldin badaiteke… Hari asko solte geratu izanagatik ere ikerketa geldi egon da orain arte eta dokumentalari esker berriz hasi dira martxan motorrak. Irekita utzitako ate asko itxi direla esango nuke.

2. Zer desberdintasun dago ikerketa-lana eta dokumentalaren artean? Zer erantsi dio dokumentalak ikerketa-lanari edo nola elkar elikatu dira? Bada dokumentala eta ikerketa-lanaz gain garrantzitsua izan den elementu bat, eta hori udalak ihaz zabalik izandako Memoriaren bulegoa izan da. Kasu “berriak” jaso ahal izan zituzten bertan eta dokumentalerako zein lan idatzirako funtsezkoak izan dira. Gainera, bere garaian identifikatu ezin izan nituen senideak ezagutu ditut hartara, eta nolabaiteko lasaitua hartu dut ate horiek ixtean. Orain, dokumentalaren ondoren, familietan berriz gaia mahai gainean jartzeak isilpean gorde zutena aterako delako esperantza daukat. Esan bezala, lan hauek ez baitira bukatzen. Tamalez, dokumentalean ezin izan dira lan idatzian bildu ziren testigu guztien gertaerak sartu, denbora aldetik ezinezkoa zelako dokumental batean denak konprimitzea. Hortaz, lan idatziak ere badu bere alde ona, ahal den informazio guztia txerta daitekeela.

3. Dokumentalean elkarrizketatzaile- eta aurkezle-lanetan aritu zara. Zer nolako esperientzia izan da? Zer ikasi duzu, zer izan da zailena eta zer aberasgarriena? Istorioak ezagutzen nituen lehendik, baina senideekin berriz hitz eginda xehetasun gehiago azaldu dira, beraiek ere etxeetan hitz egin dutenean bertsio ezberdinak agertu direlako. Benetako gertaeretan oinarritutako pelikuletan gertatzen den modukoa da hemengoa ere. 1936ko Astigarragara jauzi egitea da gaiaz jardutea, burua garai hartara doa, iraganean herriko kaleak, etxeak, bideak, biztanleak, nolakoak izango ote ziren imajinatzen dira. Esperientzia bezala berezia da, gaia tristea bezain gogorra delako, baina senideek nola eskertzen duten ikusteak dena balio du.

4. Zer ekarpen uste duzu egin diola dokumentalak Astigarragari? Ikerketa lana idatzizkoa izanik herritarrengana iristeko nekezagoa dela esango nuke. Dokumentala helarazteko aproposagoa da, enpatia historikoa sortzen eta bizipenetan murgiltzen laguntzen duelako. Protagonistak ere herriko ezagunak edota familiakoak izateak bere xarma du, gertukoagoa egiten baita. Benetako gertaeretan oinarritutako pelikuletan gertatzen den bezala.

5. Astigartarra izanda, zer esango zenieke astigartarrei? Zergatik merezi du dokumentala ikusteak? Generazio askotako astigartarrak bizi dira herrian. Denok gara herriaren parte, haur, gazte, heldu eta adineko, eta denon iragana da gerra hark eta ondorengo diktadurak ekarri zuena. Historiak eraikitzen omen du herri baten nortasuna, eta une honetan, Astigarragak bizi duen hazkunderik handienean, inoiz baino garrantzitsuagoak dira horrelako proiektuak, etorri diren milaka bizilagun berriek gure historia ezagutzea bultzatzen dutelako. Beste hitz batzuetan esanda, astigartar nortasunarekin bat egiten lagun lezake dokumentalak, eta ez hori bakarrik, Euskal Herriko historiaren episodiorik traumatikoenetako bat ezagutzeko bide ere badenez, benetan merezi du dokumentala ikusteak.

6. Arlo profesionalean edo pertsonalean memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginetan zer proiektu gustatuko litzaizuke burutzea? Urteak aurrera doaz eta generaziorik zaharrenen memoria galtzen. Askori entzun diet damu sentimentua dutela lehenago galdetu ez izanagatik, horregatik, gure artean frankismoa zein estatu baten gerra zikina ezagutu zituzten senideak baditugulako, garai berriagoen memoria berreskurateko lana dago egiteko. 36ko Espainiako gerra eta gerra ondorena ditu hizpide dokumentalak, baina herritarren memorian badaude oraindik kontatzeko berriagoak diren hamaika istoria, sufrimenduz betetakoak, liburuetan agertzen ez direnak, eta Josu Ibargutxik esaten zuen bezala "orria pasa ahal izateko, idatzi egin behar dira lehenago".

Ikerketa-lana