"Astigarraga eraso matxisten aurka" seinalean egindako pintadak gaitzesteko adierazpena
2020·06·11
Aurreko asteko ostegunean, norbaitek Astigarragako Udalak Oiartzunerako bideko sarreran indarkeria matxistaren aurka jarritako seinalea margotu zuen. Udalak garbitu egin zuen eta astelehen honetan berriro ere mezua erabat estali dute. Astigarragako Udaletik argi adierazi nahi dugu horrelako ekintzak erabat gaitzesten ditugula eta, era berean, indarkeria matxistaren aurkako lanean tinko jarraituko dugula berretsi nahi dugu.
Indarkeria matxista eredu soziokultural heteropatriarkalaren ondorioz jazotzen da, kontrola eta botere harremanak helburu dituena. Indarkeria matxistak, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz gain, transfobia, lesbofobia eta homofobia ere hartzen ditu bere gain. Guk , Astigarragako gehiengoak bezala, berdintasunean eta aske bizi diren herritarren herria nahi dugu, ordea; indarkeria matxistarik gabeko bizitza proiektu askeak gauzatzen diren herria, alegia. Indarkeria matxistak emakumeak kolpatzen ditu maila desproportzionatu batean, 2019. urtean bakarrik indarkeriaren biktima izan diren 4.419 emakumeren kasuak kontatu dira EAEn eta urtez urte hildakoen kopuruak gora egiten du. Jendarte osoaren arazo, ardura eta lotsa den indarkeria matxista, beraz, ez da inolaz ere onargarria, eta, are gutxiago, horren aldeko aldarri edo inongo adierazpenik egitea.
Berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka egiten dugun lana jendarte osoarentzako onuragarria da; jendarte parekide batean denok aukera eta tratu bera izanda, bizitzea merezi duten bizitzak eraikiko ditugulako. Hori dela eta, Astigarragako Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egiten dugu eta herritar guztiei etortzeko deia egiten diegu. Ostiral honetan, ekainak 12, 19:00etan Astigarragako Joseba Barandiaran plazan elkartuko gara margotutako Errota ondoko seinalera elkarrekin joateko. Beltzez jantzita eta maskarillarekin joatea eskatzen dizuegu (pertsonen arteko distantzia zainduz eta antolatzaileek emandako bestelako jarraibideak betez), bakoitzak gertaerak pizten dion sentimendua adierazten duen kartel bat eramanda.