Albisteak
Atzealdea "Astigarraga eraso matxisten aurka" seinalea berriro margotu dute
2020·07·03
Ekainaren 27an, norbaitek berriro ere Astigarragako Udalak Oiartzunerako bideko sarreran indarkeria matxistaren aurka Udalak jarritako seinalea margotu zuen. Astigarragako Udaletik berretsi nahi dugu horrelako ekintzak erabat gaitzesten ditugula eta horrelakoek ez dutela indarkeria matxistaren aurka egiten dugun lanean eragingo ezta desbideratuko ere. Are gehiago, agerian uzten dute lanean jarraitzeko beharra badagoela, are eta gehiago adostasun sozial handia dagoen horrelako mezu baten aurkako adierazpenak sortzen badira.
Seinaleak “Astigarraga indarkeria matxistaren aurka” dio. Zer da indarkeria matxista? Indarkeria matxista eredu soziokultural heteropatriarkalaren ondorioz jazotzen da, kontrola eta botere harremanak helburu dituena. Indarkeria matxistak, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz gain, transfobia, lesbofobia eta homofobia bezalako beste indarkeria batzuk ere hartzen ditu bere gain. Indarkeria hainbat modutara gauzatu daiteke, indarkeria matxistaren aldeko margoketa hauen kasuan bezala; batzuetan agerikoagoa da (adibidez, lesio fisiko larriak sortzen dituenean) eta beste batzuetan ikusezin eta oharkabean pasako da (mikromatxismoak deiturikoak; hizkeraren erabilera sexista, generoei lotutako janzkera eta arroparen koloreak...).
Astigarragako Udalak, gehiengoak bezala, berdintasunean eta aske bizi diren herritarren herria nahi du; indarkeria matxistarik gabeko bizitza proiektu askeak gauzatzen diren herria, alegia. Herritar guztientzat lan egiten dugu eta gauzatzen dugun berariazko berdintasun politikaren bidez, gainerako sailekin batera, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka egiten dugu lan jendarte osoarentzako onuradunak diren baldintzak sortzeko. Jendarte parekide batean denok aukera eta tratu bera izanda, bizitzea merezi duten bizitzak eraikiko ditugulako. Astigartarren arteko harremanak parekideak izatea nahi dugu, eta ez botere harremanak. Feminismoak, guztion arteko berdintasunaren alde egiteak, errespetu, erantzunkidetasun, aniztasun eta berdintasun balioak oinarri hartzea eta geureganatzeak dakar, eta bide horretatik jarraituko dugu.
Astigarragako Udala Bozeramailaeen Batzordeak aho batez onartutako adierazpena 2020-07-03