Albisteak
Atzealdea "Astigarraga eraso matxisten aurka" seinalea 3. aldiz margotu dute
2020·11·24
Astelehen goizean, herri sarreran dagoen eraso matxisten aurkako seinale morea margotuta azaldu zen. Hirugarren aldia da mota honetako seinale bat margotzen dutela. Astigarragako Udaletik berretsi nahi dugu horrelako ekintzak erabat gaitzesten ditugula eta horrelakoek ez gaituztela indarkeria matxistaren aurka egiten dugun bidetik ateraraziko ere. Horrelako ekintza miserableek agerian uzten dute lanean jarraitzeko beharra dagoela. Are gehiago, adostasun sozial handia dagoen horrelako mezu baten aurkako adierazpenak sortzen badira.
Seinaleak “Astigarraga indarkeria matxistaren aurka” dio. Zer da indarkeria matxista? Indarkeria matxista eredu soziokultural heteropatriarkalaren ondorioz jazotzen da, kontrola eta botere harremanak helburu dituena. Indarkeria matxistak, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz gain, transfobia, lesbofobia eta homofobia bezalako beste indarkeria batzuk ere hartzen ditu bere gain. Indarkeria hainbat modutara gauzatu daiteke, indarkeria matxistaren aldeko margoketa hauen kasuan bezala; batzuetan agerikoagoa da (adibidez, lesio fisiko larriak sortzen dituenean) eta beste batzuetan ikusezin eta oharkabean pasako da (mikromatxismoak deiturikoak; hizkeraren erabilera sexista, generoei lotutako janzkera eta arroparen koloreak...).
Astigarragako Udalak berdintasunean eta aske bizi diren herritarren herria nahi du. Herritar guztientzat egiten dugu lan eta berariazko berdintasun politiken bidez gizarte parekide baten oinarriak lantzen jarraituko dugu gaur, bihar eta etzi.
Astigarragako Udala, 2020ko azaroaren 24ean.