Albisteak

Atzealdea “ 130 diadema egin ditugu Astigarragan, 13.654 Gipuzkoan, 45.000tik gora EAEn”

6
COVID -19 Pandemiaren arazo larrienetako bat osasun arloko langileentzat babes ekipamendurik ez izatea da. Horregatik, zenbait pertsonek lagundu nahi izan dute, eta 3D inprimaketaren munduko profesionalek eta zaleek ekimen bat jarri dute abian, etxetik babes ekipoak sortu, eta ondoren, osasun-zentroetara bidali.

2020·04·15


Astigarragako Udalak ekimen solidario honekin bat egin du eta 600 euroko ekarpena egin du 3D inprimagailuen bidez babes-ekipoak sortzeko behar den materiala erosiz.

Etxeetan babes-ekipoak sortzen ari den pertsona horietako bat da Victor Barahona, bera ingeniari tekniko industriala da, eta 2013an hardware librearen eta 3D inpresioaren munduan sartu zen; aitzindarietako bat izan zen Gipuzkoan.

1. Zer motatako ekipoak sortzen dituzue etxeetan?

Babes-biserak egiteko diademak sortzen hasi ginen. Orain belarri babesgailuak ari gara sortzen, maskarei eusteko garondoan jartzen diren mihiak dira, belarrien atzeko aldea ez kaltetzeko erabiltzen direnak.

Badira arnasgailu edo maskaretarako osagaiak sortzen dituzten pertsonak ere, baina diademak izan dira gehien egin ditugun tresnak.

2. Zenbat pertsona ari zarete etxetik 3D inpresioak egiten Gipuzkoan? Eta Astigarragan? Gipuzkoan 131 pertsona gaude erregistratuta. Astigarragan, nik dakidanez, 2 pertsona ari gara horretan.

130 diadema egin ditugu Astigarragan, 13.654 Gipuzkoan, 45.000tik gora EAEn, kovideuskadi webgunean ditugun datu eguneratuen arabera. Estatu mailan eta Coronavirusmakers izenpean 350.000 diadema baino gehiago egin ditugu biserak babesteko. 

3. Zer motatako materialak erabiltzen dituzue?

Normalean “PLA” erabiltzen dugu, landare-jatorriko plastiko bat, baldintza jakin batzuetan konposta daitekeena.

Kasu batzuetan “ABS” eta ” PETG” erabiltzen ari dira, baina gehienek “PLA” erabiltzen dugu.

4. Nora bidaltzen dituzue sortutako ekipoak?

Sortzen duguna DYAk biltzen du eta Lasarteko lokal batera eramaten du, bertan, eskualdean jasotako guztia biltzen da eta inprimatu ditugun diademekin biserak muntatzen amaitzen da. “PVC”materialeko xafla garden bat jartzen zaie, bisorea izango dena; eta guk sortutako diademek buruari finkatzeko balio dute.

5. Eskaerak asetzeko egiten duzue lan edo ahalik eta babes ekipo gehien sortzea da zuen helburua?

Bai, eskaerak kovideuskadi webgunean dagoen formulario baten bidez egiten dira. Guk 3Dn inprimatzen dugu, eta biltzen den guztia taldekatu eta eskatu duenari banatzen zaio.

6. Zein da ekipo horiek eskaintzen duten babes-maila?

Ofizialki homologatuta egon ez arren, egiten dugun guztia medikuekin testatuta dago eta proba asko egin dira; beraz, ekipo fidagarriak dira. Izan ere, duela astebete pasatxo, Bizkaiko enpresa bat modu industrialean fabrikatzen hasi zen, eskaria osatzen laguntzeko, eta gu erabiltzen ari garen diseinu irekian oinarritutako molde bat erabili dute, aldez aurretik Osakidetzako langileekin probatu zena.

1 2 3 4 5 6