Noticias
Atrás Sagarberritu proiektu-pilotuaren arrakastak eta etorkizunera begirako erronkak
20·11·2019
Proeiktuaren nondik-norakoak azaltzen Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Mari Jose Izagirre (Beterri-Buruntzako lehendakaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Federazioko zuzendaria), Olatz Mitxelena (Gipuzkoako Sagardogile elkarteko zuzendaria), Mikel Pagola (San Markos Mankomunitateko lehendakaria) eta Ramon Elorz (Beterri Errotuz laneratze enpresako koordinatzailea) izan ziren.
Proiektuaren zergatia
2018. urtean burutu zen azterketan ateratako datuen arabera, Beterri-Buruntza eskualdean 1.842.553 botila ekoizten dira urtero eta botila horien %22 ez dira itzultzen, hots berrerabilpen sistematik kanpo geratzen dira. Ildo horretatik, proiektu honetan, sagardo dastatzeak burutzen direnean, sagardo kaxa hutsak jartzen dira eta botilak hustu ahala bertan sartzen dira. Ondoren, kaxak bildu eta Astigarragan kokatua dagoen garbiketa enpresara eramaten dira, ondoren merkaturatzeko.
Balio erantsia
Ekonomia zirkularra bermatzen du, garapen iraunkorrean oinarritzen da produktuen, zerbitzuen, hondakinen, materialen, uraren eta energiaren “bizi zikloa ixtea” ahalbideratzen du. Beirazko botila bakoitzaren iraupena luzatu nahi da, balio duen ezer ez botatzeko helburuz. Gainera, proiektu honek bere aspektu soziala du, hain zuzen, jarduera bera Beterri-Errotuz laneratze enpresaren bidez burutzen baita. Honela, lan mundura txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonei edo baztertze arriskuan daudenei lan mundura sartzea errazten zaie.
Herritarrengan iristeko beharra
Herritarrei aukera ematen zaie proiektuarekin bat egin eta etxean dituzten sagardo botilak berrerabiltzeko. Beterri-Buruntza eskualdeko eta San Markos Mankomunitateko garbiguneetan sagardo kaxa hutsak utzi dira; hortaz, herritarrek bertaratzeko aukera dute, botilen berrerabilpena gauzatzeko. Gizartean ere berrerabilpenaren kontzientzia pizteko balio duen ekintza da. Gainera, azpimarratzekoa da beira dela egun dagoen material berrerabilgarrienetarikoa; beraz, horrelako proiektuen bidez, hondakinak murriztu, kutsadura gutxitu eta jasangarritasunarekin bat egiten dugu.
Etorkizuneko erronkak
Gaur egun sagardo botila neurri apalago batean berrerabiltzen da, baina denen artean, administrazioa eta sektorea batera, egin dezakegun lana handia da kopuru handiagoak berrerabili, jasangarri egin eta sektoreko pertsonei berrerabilpena erraztea lortzeko. Etorkizunean sagardo botilak berrerabiltzeko planta bat egitea bikaina izango litzateke gaur egun dauden zailtasunak gainditu eta berrerabilpena errazteko.
Aurrera begira, proiektuari beste bultzada bat eman nahi zaio eta botilak sagardo dastatze edo garbiguneetan jasotzearen ordez sistema zentralizatu bateranzko bideari ekin nahi zaio. Gainera, Beterri-Buruntza eskualdera edo inguruko herrietara mugatu beharrean, Euskal lurraldean kokatuak dauden sagardotegi guztiei edo ia guztiei beraien botilak berrerabiltzera animatu nahi zaie, beraiei zuzeneko eta gertuko zerbitzua eskainiz. Honen bidez lortu nahi dena da, botilak edukiontzi berdera bota ordez, bizitza luzatzea gutxienez beste erabilera bat emanez.