Noticias
Atrás Gazteei zuzendutako "Arnasetik" bideo-sormen lehiaketa, urriaren 31ra arte martxan
22·10·2024
Oinarriak
Arnasetik bideo sormen lehiaketa da, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua (LH-5etik DBH- 4ra). Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimena da, eta udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztu nahi du.
Gaur egungo gazteen komunikazio-hizkuntzara eta teknologia berrietara egokitutako lehiaketa da, eta teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak landuko dira. Hala, euskaraz ekoiztutako ikus-entzunezko piezen eta sormen lanen erakusleiho bihurtuko da Arnasetik.
Gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak pizteko asmoarekin, lehiaketan modu ezberdinetan parte-hartzeko aukera egongo da eta kategoria ezberdinetako sariak egongo dira. Horrek esan nahi du banaka, talde lanean edo-eta eskolartekoan jorratu daitezkeela lanak.
Adinaren arabera sailkatutako hiru kategoria daude:
- ARNASETIK LH 5-6: Txokorako bidea: Seguru gaude zuen herrian mila txoko berezi eta kuttun daudela. Aukeratu bat edo batzuk eta kontatu zerk egiten dituen berezi, norekin eta noiz joaten zareten…
- ARNASETIK DBH 1-2: Prestatu nirekin: Urte guztia noiz iritsiko zain egoten zareten egun handi hori zein da? herriko jaia, inauteriak, azoka bereziaren eguna… Erakutsi zerk egiten duen berezi, nola prestatzen zareten…
- ARNASETIK DBH 3-4: Bosteko katea: Beste norbaiten larruan jartzeko aukera izango bazenute, zuen herriko nor izan nahiko zenukete eta zergatik? Galdera honi erantzunez osatu bosteko katea.
Sariak
2.000 euro egongo dira 4 kategorietan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du.
- LH 5-6 kategoriako lanik onena (500 euroko sari baliokidea).
- DBH 1-2 kategoriako lanik onena (500 euroko sari baliokidea).
- DBH 3-4 kategoriako lanik onena (500 euroko sari baliokidea).
- Publikoaren saria (500 euroko sari baliokidea).
500 euroko sari baliokide bakoitza IrisarriLand-en, Durangoko Azokan edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.
Informazio gehiago, hemen