Noticias
09·12·2020
Parte hartze datuak
Euskaraldian parte hartzeko izen ematea azaroaren 24an itxi zen, luzapen baten ondoren, ariketa jada hasia zela; eta guztira 857 dira Euskaraldian parte hartu duten astigartarrak.
Parte hartzaileen adinak, generoak eta hautatutako rolak kontutan izanda, aurtengo datuak orain bi urteko Astigarragako eta EHko datu orokorrekin alderatuz, lege estatistikorik jarraitu gabe egindako konparaketa da, ehunekoak borobilduta:
Orain bi urte 685 astigartarrek hartu zuen parte lehen Euskaraldian eta, beraz, aurten 172 herritar gehiago dira ariketan parte hartu dutenak, kasik %25ean gora eginda.
Aurtengo Euskaraldian izena eman duten 857 lagunetik 532 emakumezkoak dira, %62a -orain bi urte Euskal Herriko parte hartze orokorraren ehuneko bera-, eta 319 gizonezkoak, %37a. Beraz, sei lagun dira ez binario definitu diren astigartarrak.
Ariketan parte hartzen ibili diren 857 astigartarretatik, 700 herritar dira ahobizi txapa paparrean daramatenak, eta 157 herritar dira belarriprest txapa hautatutakoak. Ehunekotan, %80tik gora dira ahobizi rolean parte hartzen ari direnak, eta kasik %20a belarriprest rola hautatu dutenak. Orain bi urte %15 pasatxo izan ziren belarriprest, eta beraz, %5ean egin du gora hautuak -Gipuzkoan 2018an %78.4 izan zen ahobizi eta %21,6 belarriprest-.
Adinari dagokionez, 24 astigartar dira ariketan parte hartzeko gutxieneko adina dutenak, 16 urte, eta lehen aldiz izena emandakoak. Apur bat zabalago begiratuta, parte hartzaileen artean 65 lagun dira 20 urte baino beheragokoak, 353 lagun 20-40 urte bitartekoak, 375 lagun 40-60 urte bitartekoak, eta 64 baino ez 60tik gorakoak -nagusienak, 75 urtetik gorako 5 partaide-. Hau da, parte hartzaileen %70a 30-60 urte bitarteko herritarrak dira.
Bitxikeria gisa, izen-ematea zabaldu zen lehen egunean, irailaren 24an, hamar lagunek eman zuten izena, eta azaroaren 19an, ariketa hasi bezperan, 669 astigartar zeuden izena emanda -kasik orain bi urteko kopuru bera-. Beste modu batean esanda, 181 herritar izan dira jada ariketa hasia zela izena eman dutenak, parte hartzaileen %20ak!
Euskaraldiaren bigarren edizio honetan 307 lagun dira ariketan lehen aldiz parte hartzen duten astigartarrak, %36a, eta beraz, orain bi urte izena eman zutenetatik 142 lagunek aurten ez dute izenik eman, %20ak -bost lagunetik batek-.