Noticias
Atrás Astigarraga Aldizkariak bere webgunea zabaldu du
12·10·2020
Hasiera batean etxez etxe eta baserriz baserri zabaltzen zen aldizkaria. Ondoren etorri ziren saltokietako erakustokiak. Hemendik aurrera, berriz, urteroko paperezko aldizkaria eskuratzeko aukera izateaz gain, webgunearen bitartez ere ikusi eta irakurri ahal izango da, baita bertako edukiak eskuratu ere. Webgunearen proiektua Astigarragako Udalak emandako laguntzari esker osatu da.
Webgunearen egitura eta edukiak
Aldizkariaren webguneak bere egitura eta domeinu propioa izango du astigar.eus/aldizkaria gurearen baitan, eta Astigarragako Udalaren webgunean ere izango da ikusgai.
Webgunearen hasierako menuan nor garen ikusi ahal izango duzu, eta gure bloga eta kontaktua ere eskura izango dituzu. Jarraian, edozein aldizkari aukeratuz, liburu gisa ikusteko eta irakurtzeko gune berezia izango duzu. Horren ondoan, 1982tik 2020ra arte artikulu eta gaien aurkibidea duzu ikusgai. Beheko aldean, berriz, bilatzailea, edozein artikulu, egile nahiz gairen araberako bilaketak egiteko. Azkenik, segidan, orain arteko 39 aldizkarien azalak eta estekak.
Edukiak ikusteko eta eskuratzeko urratsak
Bi izango dira webgunearen funtzio nagusiak, bata, orain arte zabaldutako aldizkarien hemeroteka eta kontsulta eskaintzea eta, bestea, bertako edukiak partekatzeko aukera ematea. Lehenengoarekin lortu nahi duguna da orain arte bildutako ondarea herritarrei erakustea eta ezagutaraztea, baita erabilgarri izatea ere. Bigarrenarekin, aldiz, artikuluen eta gaien inguruko interesa dutenak bildu nahi ditugu. Zehatzago esanda, edozein artikulu, gai, argazki edo agiri jasotzen duenak horietatik abiatuta sortutako dokumentuaren edo lanaren berri jaso nahi dugu eta horri dagokion balioa eman. Azken horretarako, gaien deskarga egiteko euskarriak jarri dira: formularioa eta kontaktua.
Oraingoa ilusio handiz osatutako proiektu komunikatibo eta digital honen hasiera baino ez da. Izan ere, aurrera begira beste ekimen batzuei helduko zaie, eta hori, orain arte bezala, herritarrekin batera landuko da. Adi eta prest izan!!!