Noticias
21·06·2024
Deiturak euskaratzea erabaki dutenek edozein bake epaitegitara edo erregistro zibiletara joan daitezke tramitea egitera. Prozesua erabat doakoa izateaz gain, erraz-erraza da. Oso tramite sinplea da egin beharrekoa. Bi agiri dira beharrezkoak: hitzez hitzeko jaiotagiria (jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar da) eta NANaren kopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek, familia-liburua ere eman behar dute. Hori da guztia. Nahiko da agiri horiek Bake Epaitegira eramatea izen-abizenak euskal grafiara ekartzeko.
Euskaltzaindiak osatutako EODA Euskal Onomastikaren Datutegia hartzen da eredutzat abizenak euskalduntzeko irekitzen diren prozeduretan. Zalantzaren bat duenak nahikoa du herriko Bake Epaitegian galdetzea, han emango dizkiete-eta argibide guztiak.
Ibilbide oparoa
2000.urtetik martxan da deiturak euskaratzeko ekimena. Tokian tokiko bake-epaitegiekin lankidetzan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekintzetariko bat da Apelliduak Abizendu ekimena.
Makina bat izan dira deiturak euskaratzera animatu diren herritarrak. Azkeneko 15 urteotan, mila herritar inguruk euskaratu dute beraien izena edo abizena Buruntzaldean, eta hori sustatzen jarraitzen dute eskualdeko sei udalek, elkarrekin, 'Apelliduak abizendu' ekimenaren baitan.
Eskualde mailan, martxa polita darama ekimenak. Ekimena martxan jarri zenetik, mila herritarrek baino gehiagok euskaldundu dute deituraren bat. Eta Astigarragan, 100 lagunek baino gehiagok egin dute izena edo abizena euskalduntzeko autua. Erribera kulturgunean, kiroldegian, udaletxean eta kultur etxe zaharrean daude eskuragarri egitasmoari buruzko esku-orriak.