Noticias
Atrás Abenduak 3: Euskararen Nazioarteko Eguna
02·12·2022
Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, honako jarduera hauek antolatu dira:
- Moriarty-Gabiltzanian musika taldeen kontzertua 13:00ean, Erribera kulturgunean.
- Jolasak eta eskulanak 16:30etik 18:30era, Foru Plazan.
- "Lehendakari gaia" antzezlana 20:00etan, Erribera kulturgunean.
Bestalde, azaroko Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen Euskararen Egunaren inguruko Adierazpen Instituzionala, honako hau:
Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko eguna da.
Euskararen egoera osasuntsu izatetik urrun dago. Hortaz, abenduaren 3a euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna da, hau da, euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzeko eguna. Euskara normalizatuko bada, hizkuntza politika, burujabea eta kanpo esku hartzerik gabea behar dugu ezinbestean, herritarren aktibazioarekin batera.
Behar-beharrezkoa da gaurdanik, gure instituzioetan, euskara normalizazio bidean jartzeko politika eta erabaki ausartak hartzea, besteak beste: euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatu eta egoera soziolinguistikoaren arabera euskara administrazioko lan edota zerbitzu hizkuntza bihurtzea; euskararen arnasguneak bultzatu eta indartzea; erakunde ezberdinetan egiten ditugun kontratazio- publiko eta lehiak eta guztietan hizkuntza-irizpideak txertatu eta garatzea; hiztun berriak lortu eta euskararen ezagutza herriz-herri unibertsalizatu eta doakoa izan dadin urratsak ematea; herrietan euskara batzorde zabalak sortu edo gorpuztea, eta euskalgintzarekin, eragileekin zein sektore desberdinetako erakundeekin elkarlana bultzatzea.
Bide honetatik, 2022ko udazkenean Udalak sortu duen Euskara eta Hezkuntza teknikariaren lanpostu berria azpimarratu nahi dugu; aurten jardunaldi erdian egon arren, 2023an zehar jardunaldi osora igaroko dena. Baina noski, euskal hiztunen aktibazioa da euskara normalizatzeko gako garrantzitsuena. Horretarako, Astigarragako Udalak aurten ere abian den Euskaraldiarekin bat egin du, astigartarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko asmoz.
Aurtengoa, ariketa sozial honen hirugarren edizioa da; 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko dena. Bere leloa HITZEZ EKITEKO GARAIA da. Edizio berri honek bi helburu nagusi izango ditu. Batetik, Euskaraldian parte hartzen duten norbanako eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea. Eta bestetik, parte hartzea hedatzea: ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea. Euskaraldiaren xedeak bat datoz Astigarragako Udalak ezarriak dituen helburu estrategikoekin, eta Udalaren hizkuntza politika indartu eta sakontzeko aukera paregabea ematen digute.
Behin hau azalduta, Astigarragako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:
- Astigarragako Udalak Euskaraldiarekin bat egiten du eta gogoz sustatuko du ekimena.
- Astigarragako Udalak erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du eta hamabost eguneko ariketa egingo du, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean.
- Astigarragako Udalak ariguneak babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartzen du; hizkuntza ohiturak finkatu eta egonkortzeko asmoarekin.
- Astigarragako Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.
Eta gainera, ondorengo deia egiten die herritarrei:
- Astigartar guztiak gonbidatzen ditugu instituzio publikoekin (eta bereziki udalarekin) dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, euskaraz jardun dezaten.
- Herritarrak gonbidatzen ditugu 2022ko Euskaraldian parte hartzera, euren rola edozein delarik ere (ahobizi ala belarriprest).
- Herritarrak gonbidatzen ditugu 2022ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Astigarragan burutuko diren ekimenetan parte hartzera eta ospakizuna eta aldarrikapena uztartzera.
- Astigarragako eragile eta herritar guztiei deia egiten diegu euren jarduna euskaraz burutu dezaten (bai euren barne lanketa, baita kanporako ekimen edo ikuskizunak ere).